Politika -
Tortura
Torrealdaik minbizia duela jakinarazi du, eta torturarekin lotu du
Hala eman du jakitera tortura, memoria eta inpunitatea aztertzeko Baionan egin diren jardunaldietan.
O.A. | EITB.EUS
Joan Mari Torrealdai Euskaldunon Egunkariako administrazio kontseiluko presidente ohiak hezur-muineko minbizia duela iragarri du eta adierazi du jasandako torturen ondorioa dela haren gaitza.
Hala adierazi du tortura, memoria eta inpunitatea goiburu hartuta Baionan egin dituzten jardunaldietan.
Haren esanetan, garbi dago eta, kontsulta egin dien sendagileen arabera ere bai, gaitzaren iturburua hari emandako eta "Egunkaria kasua"n izandako tratuan dagoela.
"Nire ustez, bistakoa da jasan eta deskribatu ditudan torturen ondorioa dela nire gaitza. Berriz diot, ez naiz medikua eta ezin dut frogarik aurkeztu. Nire iritziz, ordea, harremana garbia da eta, nire psikiatraren arabera ere bai", azaldu du EiTBri egindako adierazpenetan.
2003ko otsailean, atxilotua izan ostean jasandako torturak azaldu ditu Torrealdaik Baionako topaketan. Torrealdaiz gain, testuinguru ezberdinetan tortura jasan dutenek beraien testigantza eman dute.