Politika -

Ikerketa

'De Miguel' auziarekin aurrera jarraitzea erabaki du epaileak

Guztira 26 lagun inputatu zituen epaileak 'De Miguel' auzian, tartean EAJko zenbait agintari ohi.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'De Miguel' auziarekin aurrera jarraitzea erabaki du Roberto Ramos Gasteizko epaileak, 15 inputatuk jarritako errekurtsoak bertan behera utzita.

Guztira 26 lagun inputatu zituen epaileak 'De Miguel' auzian, tartean EAJko zenbait agintari ohi.

Gaur argitaratutako autoaren arabera, martxoaren 9ko autoa berretsi du Ramos epaileak. Horren bitartez, auziarekin eta aldez aurretik egindako diligentziekin aurrera jarraitzea erabaki du.

Lehen idazki horretan, 26 inputatuen aurkako ahozko epaiketa egiteko bideari ekin zion.

Ramosen hitzetan, martxoko autoa “zuzena” da, eta legearekin bat dator.

Inputatuen artean, auzia bertan behera uzteko eskatu zuen De Miguelen abokatuak.

26 pertsona inputatu dituzte

Roberto Ramos epaileak 26 pertsona inputatu zituen, tartean Arabako EAJko hainbat goi-kargudun ohi. Orotara 11 delitu egozten dizkie, hala nola dirua zuritzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzea. Hain zuzen, ustez legez kanpoko komisioak kobratzen zituen sare bat aztertu dute auzi honetan.

Gasteizko Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegiko arduradunaren esanetan, zantzu nahikoak daude Alfredo de Miguel Arabako EAJko "bigarren" eta foru diputatu ohia akusatzeko. Auziko inputatu nagusia da.

De Miguelez gain, besteak beste, hauek inputatu ditu epaileak:Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJko kide ohiak; Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Robles, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Gobernuko kide ohiak; Julian Sanchez Alegria eta Alfonso Arriola, EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak, eta Iñaki San Juan, Leioako zinegotzi jeltzale ohia.

Kontratuak "legez kanpo" lortzeko "elkarte sarea"

Epaileak 11 delitu egotzi dizkie inputatuei: prebarikazioa, delituak jazartzeko beharrari muzin egitea, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio publikoei iruzur egitea, funtzionario publikoek debekatuta dituzten negoziazio edo jarduerak egitea, agiri publikoak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituak eta konkurtso publikoetan prezioak eraldatzea.

Autoaren arabera, "egiaztatu egin da badagoela Alfredo de Miguel Agirre buru zuen sare antolatu baten zantzurik". Gainera, buruzagi jeltzale ohiak berak "erantzukizun politikoak edota instituzionalak" zituzten hainbat pertsonaren laguntza izan zuela gaineratu du.

Sare horren helburua zen "Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) zuzendutako administrazioetan edo erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak edo esleipen publikoak lortzea".

Halaber, sareak "komisioak" edo "ordainketak" eskatzen zituen, "kontratu simulatuen bitartez".

Bost urteko ikerketa

Ainhoa Alberdi abokatuak 2009an Alfredo de Miguelen eta Aitor Telleriaren aurka jarritako salaketa batek abiatu zuen auzi hau.

Alberdik legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bateko kide izatea egotzi zien Fiskaltzaren aurrean, horren arabera, 100.000 euroko ordainsaria eskatu ziotelako, abokatu hori administratzaile zen Urbanorma enpresari esleitutako kontratu batengatik.

Salaketa horren ondorioz, Ramos epaileak ikerketa abiatu, eta De Miguel atxilotzea agindu zuen 2010eko martxoaren 17an. Une horretan, buruzagi jeltzalea Herri Administrazioko foru diputatua zen.

Operazio hartan, beste zazpi pertsona ere atzeman zituzten. Atxilotu zituzten egunean bertan utzi zituzten aske, baina karguak egotzi zizkieten.

Harrezkero, Ramos epaileak loditu egin zuen auzia, inputatuen kopurua gero eta gehiago handituta. De Miguel eta beste 25 pertsona inputatu ditu azkenean.

Iñigo Urkulluk (EAJko presidentea zen une horretan) militantzia uztea eskatu zien inputatuta zeudenei; izan ere, horren esanetan, alderdi jeltzaleak ez zuen "zerikusirik" ustelkeria auziarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea