Politika -

Barne krisia

Irene Lozano UPyDren idazkari nagusi izateko hautagai izango da

UPyDren diputatuak berretsi du ez dela "pertsona kontua", baizik eta "norabidea ahal den hobekien, ahal den babes handienarekin, aldatzeko" beharra.

Irene Lozano UPyDren diputatua. Argazkia: Efe
Irene Lozano UPyDren diputatua.
Irene Lozano UPyDren idazkari nagusi izateko hautagai izango da

1:21

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irene Lozano UPyDren diputatuak iragarri du alderdiaren idazkari nagusi izateko hautagaitza alternatiboa aurkeztuko duela hurrengo kongresuan, ekainean.

Irene Lozanok Diputatuen Kongresuan baieztatu du erabakia, telebistan Rosa Diezekin lehiatuko dela iragarri ostean.

UPyDren diputatuak berretsi du ez dela "pertsona kontua", baizik eta "norabidea ahal den hobekien, ahal den babes handienarekin, aldatzeko" beharra, hauteskundeak gertu daudela aintzat hartuta.

Lozanok aitortu du ez duela Rosa Diezekin hitz egin azken egunotan eta ez diola erabakiaren berri eman.

Azaldu duenez, "zerrenda oso bat" prestatzen ari dira, eta bera "taldearen aurpegia" soilik izango da, UPyD berritzeko proiektuan.

Alvaro Anchuelo diputatuak dagoeneko iragarri du Interneteko sare sozialetan hautagaitzarekin bat egingo duela.

Era berean, Lozanok esan du Toni Cantok ere bat egitea nahi duela, atzo Kongresuko eserlekuari eta Valentzian UPyDren zerrendaburu izateari uko egin ostean.

"Jende asko dago Espainia osoan, alderdi nazionala garelako, UPyD berritzeko lan egin nahi duena", gaineratu du diputatuak. Hala ere, ez du aurreratu nahi izan Ciudadanosengana gerturatu nahi ote duen: "Hori bost pauso aurrera joatea litzateke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD