Politika -
Atxiloketak Katalunian
F. Diazek muturreko musulmanak integratzea egotzi die independentistei
Espainiako Barne ministroak uste du Angel Colom ERCko buruzagi ohi eta CDCko kideak zuzentzen duen Nous Catalans fundazioak muturreko musulmanak integratu dituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ohartarazi du Nous Catalans fundazioak, CDC alderdiarekin lotura duenak, "arriskuak" hartzen dituela eta "arduragabe" jokatzen duela, independentismoa bultzatzeko musulmanak erakartzen dituelako, eta hori ez omen da "zuhur jokatzea".
Fernandez Diazek kazetariei azaldu dienez, Angel Colom buru duen fundazioaren helburua independentismoaren alde musulmanak erakartzea dela. "Katalunian milioi erdi musulman dagoela aintzat hartuta, helburu independentista duen lan proselitista da", gaineratu du ministroak.
Noureddin Ziani marokoarra aipatu du adibide gisa. Izan ere, Espainiak atxilotu eta kanporatu egin zuen 2013an salafismoa sustatzea egotzita, eta Kataluniako Zentro Kultural Islamikoen Batasuneko presidente eta Nous Catalanseko kide zen.
Hala eta guztiz ere, Fernandez Diazek argi adierazi nahi izan du "independentismoa inola ere ez" dela "jihadismoa", baina gauza horiekin ezin dela "jolastu" berretsi du.
"Pertsona jakin batzuekin proseletismoa egitea independentismoa sustatzeko ez da jarduera gomendagarria eta zuhurra", azpimarratu du.
Ministro espainiarrak Katalunian jihadismoaren aurka egin duten operazioaren harira egin ditu adierazpenok.