Politika -

Aberri Eguna 2015

'Autogobernuan aurrera egiteko garaia da', Urkulluren hitzetan

Aberri Egunaren harian Bilbon izandako ekitaldietan lehendakariak iragarri duenez, "huts egin duen autonomia-Estatu batetik estatu plurinazionalek osatutako Europa batera igaro behar dugu".

Iñigo Urkullu, Aberri Egunaren harian, Bilbon izandako ekitaldietan. Argazkia: EiTB
Ekonomiaren norabidea azpimarratu du lehendakariak Aberri Egunean

1:56

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, "autogobernuan aurrera egiteko garaia heldu da, eta huts egin duen autonomia-Estatu batetik estatu plurinazionalek osatutako Europa batera igaro behar dugu".

"Nazio bezala, gure erronka askatasuna izango da, herritar askek osatutako Euskadi askea, hain zuzen ere", esan du. Bestalde, Bakerako Planaren proposamenetan lan egiten jarraituko duela hitzeman du, "oinarri etikoan eta erabat legezkoan oinarrituta".

Aberri Egunaren harian Bilboko Plaza Barrian bildu dira jeltzaleak, 'Herriz Herri, Aberri!' lelopean, eta bertan hitzaldia eskaini du lehendakariak. Urkulluren ustez, aurten krisitik irtetzen hasi da Euskadi, eta 2016an "hazi egingo da" .

ABerri Eguna Urkullu jendea eitb

Urkulluren aburuz, "aldaketa-unea bizi dugu Europan eta Estatuan", eta "autogobernuan aurrera egiteko unea da, huts egin duen autonomia-Estatu batetik estatu plurinazionalek osatutako Europa batera igarotzeko".

Horretarako, "Eusko Jaurlaritza lanean" ari dela iragarri du, "barne akordioa lotzeko, eta estatus politiko berria ituntzeko, gizarteak instituzio-akordioak berretsi ostean, euskal nazioak aitorpena lortu dezan, hazten jarraitzeko". "Hori da gure bide-orria", gaineratu du.

Ortuzarrek, ezker abertzaleari: 'Itxurakeriarik ez'

Bestalde, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere hitzaldia eskaini du ekitaldi berean, eta "itxurakeriak bertan behera uzteko" eta bake arloan "etxeko lanak egiteko" eskatu dio ezker abertzaleari, "EAJri kalte egiteko asmotan ibili beharrean".

Halaber, Ortuzarrek esan duenez, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea ez da krisitik ateratzeko "kapitaina, Pescanovako kapitana, baizik, izoztuta utzi gaituelako".

Aberri Eguna EITB

Bestalde, ezker abertzaleari gogoratu dio "mahai gainean EAJren proposamen zehatza duela, bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko, etorkizunera begiratzen duen proposamena, alegia".

"Herrialdearen historian kapitulu berria idazteko prest dago EAJ, baina horretarako, aurrekoa ongi itxi behar da. Bakearen luma eta elkarbizitzaren tinta behar dugu", esan du. "Ez dut honi buruz gehiago hitz egingo, ez baitut nahi gehiegi hitz egiteagatik porrot egitea", azaldu du.

Hala ere, "herriarekin" ezin dela jolastu ohartarazi dio ezker abertzaleari. Hori dela eta, "politika horiarekin behin betikoz amaitzeko" eskatu dio, "inoiz baino gehiago helburu-politika behar baitugu".

"Astelehen honetan komunikabideetan argitaratuko dute: 'abertzaleek zatituta ospatu dute Aberri Eguna'. Nola da posible Bildurekin zerbait ospatzea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan PPrekin bat egiten badu? Edo PSErekin eta UPyDrekin Eusko Legebiltzarrean? Zertan gara? Kolaborazio abertzalea nahiago dute, ala espainiarrekin EAJren aurka biltzea?", galdetu dio Ortuzarrek bere buruari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Aberri Eguna gaur