Politika -

Zuzendu plana

Sortuk dio autokritika ona dela, baina ez Urkulluk proposatu duen eran

Pernando Barrena adierazi du ezker abertzalea dela biktima guztiak modu berean aitortzen dituen eta erreparazioaren, aitortzaren eta egia ezagutzeko eskubidearen alde mintzatzen den bakarra.

Pernando Barrena (Sortu). Argazkia: EFE
Pernando Barrena (Sortu). Argazkia: EFE
Sorturen arabera, autokritika behar da, baina ez Jaurlaritzak dagiena

0:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak gaur baieztatu duenez, "ezker abertzalea erabat ados dago autokritika egiteko beharra dagoela", baina ez Iñigo Urkullu lehendakariak proposatu duen moduan.

Atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu zuen Zuzendu programa hizpide izan du gaur Pernando Barrenak Donostian egindako prentsa agerraldian. Aipaturiko programaren bitartez, alde guztiei giza eskubideen urraketen arloan autokritika egiteko dei egiten die Urkulluk bake prozesua eta elkarbizitza desblokeatzeko.

Sortuko buruzagiak adierazi du Urkulluk autokritika zehatz bat eskatzen duela, ezker abertzaleari soilik eskatzen diola eta gainera, EAJk duen ikuspegiaren araberakoa izan behar duela. Halaber salatu du ezker abertzalearen ibilbide historikoari uko egitea eskatzen diola.

"Hori ez da gertatuko, izan ere, planteaezina da. Ezin zaio arerio politikoari eskatu eta, are gutxiago, exijitu bere uste politikoetara makurtzeko", salatu du Barrenak. Aldi berean, "elkarbizitza suposizio horien gainean finkatu nahi izatea totalitarioa, irreala, prepolitikoa eta antzua da".

Bestalde, azaldu du ezker abertzalea erabat ados dagoela autokritika egiteko beharrarekin eta azpimarratu du ezker abertzalea dela iraganaz autokritika egin duen eragile bakarra.

"Ezker abertzalea da biktima guztiak modu berean aitortzen dituen eta erreparazioaren, aitortzaren eta egia ezagutzeko eskubidearen alde mintzatzen den bakarra", gaineratu du.

Halaber, Sortuko bozeramaileak azpimarratu du haren alderdiak uste duela autokritika ona dela bere horretan eta tresna egokia dela iraganeko zauriak konpontzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu Azken albisteak Sortu Eusko Jaurlaritza berriak