Politika -
Hauteskundeak Nafarroan
Esparza (UPN), PSNrekin eta PPrekin ituna egiteko prest
Nafarroako presidente izateko hautagai unionistak esan du "marra gorria" Nafarroaren izaera instituzionala dela, herritarren "% 80k nahi duena".
Erredakzioa
Javier Esparza Nafarroako Gobernuko presidente izateko UPNren hautagaiak esan du bere "marra gorria" Nafarroaren izaera instituzionala dela, foru erkidegoko herritarren "% 80k nahi duena", eta hori oinarri hartuta, PSNrekin eta PPrekin ituna egiteko prest agertu da.
Oraindik hauteskundeetarako alderdien zerrendak ixteko dauden honetan, Esparzak gaurko prentsaurrekoan esan du "garai berria" hasiko dela bozen ostean, eta bere helburua "egonkortasuna" lortzea dela, hazkunde ekonomikorako beharrezkoa den "konfiantza" sortzeko.
Horretarako, "entzuteko" eskatu dio gizarteari, bere proposamenak "lasai aztertzeko"; izan ere, "nire ahotik ez dituzte ezinezko promesak edo ez dagoen irtenbide magikorik entzungo".
"Etorkizun hobe baterako proiektu sendoa" duela hitz eman du, "Nafarroaren, foruen, gizarte politikaren hobekuntzan eta enpleguaren sorkuntzan oinarritua”.
Esparzarentzat, hori lortzeko, beharrezkoa da maiatzaren 24ko hauteskundeek "egonkortasuna ematea, kimera nazionalisten edo utopia iraultzaileen aurrean, nafarrek ez baitute halakorik nahi".
Horren harira, PSNri egin dio erreferentzia, I-Erekin eta Geroa Bairekin batera aldaketarako ituna sina dezakeelakoan. Gainera, Geroa Bairen buruak "Nafarroa Euskadin sartzearen alde" bozkatuko lukeela aitortu duela gogorarazi du, eta Esparzaren ustez "soberan" dago kontsulta horretarako baimena ematen duen araua bera ere.