Politika -

Familia bereko kideak

Lau lagun atxilotu dituzte Badalonan jihadismoarekin lotura dutelakoan

Guardia Zibilak atxilotutako bi adingabeak dira; gainera, Barne Ministerioaren arabera, Siriara joateko asmoa zuten eta "erradikalizatzeko prozesuan" ziren.

Siriara jihadistak bidaltzeagatik lau atxilotu, Badalonan

00:35

I.G. | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuko agenteek lau pertsona atxilotu dituzte gaur, asteartea, goizaldean Badalonan (Bartzelona), jihadistak Siriara bidaltzeko sare batekin lotura izatea egotzita. Operazioa Auzitegi Nazionaleko 5 zenbakiko Instrukzioko Epaitegi Zentralak zuzendu du, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin koordinatuta.

Barne Ministerioak hedabideetara igorritako ohar baten bidez adierazi duenez, atxilotuetako bi 16 urteko adingabeak dira eta "Siriarako bidaia, Marokotik igarota, prestatzen ari ziren".

Azken egunotan, ikertzaileek ezagutu dute bi gazteek "gaur goizean Badalonatik Marokora abiatzeko asmoa" zutela eta jihadistak bilatu eta borrokatzera bidaltzeko sare batzuetako kideekin harremanetan jarri zirela, Siriarako bidean Turkia zeharkatzen laguntzeko.

Gainera, bi gazteek Badalonako eskolara joateari utzi zioten, Tetuanen (Maroko) korana ikasteko; "erradikalizatzeko prozesuan buru-belarri sartuta zeuden, eta Irak eta Siriaren arteko gatazkan lagundu nahi zuten. Gainera, horien ingurukoak horren jakitun ziren, bereziki, haien ama; izan ere, Harakat Sham al Islam talde terroristako kide zen beste seme bat hil zitzaion, gatazka berean", oharraren arabera.

Era berean, Fernandez Diaz ministroak gidatzen duen Ministerioaren esanetan, "adingabeen anaia batek Siriara bidaiatu zuen dagoeneko, talde yihadista batek lagunduta, eta 2014an hil zen. Estatu Islamikoarekin lotuta dauden taldeko kide omen zen".

Guardia Zibila, operazioan. Iturria: Barne Ministerioa

Guardia Zibila, operazioan. Iturria: Barne Ministerioa

Miaketak

Guardia Zibileko kideak lau atxilotuen etxebizitza eta autoa miatzen ari dira, Badalonako Llefià auzoan. Laurak marokoarrak dira.

Aipatu iturrien hitzetan, ama da familiako kiderik erradikalena.

Bestalde, Xavier Garcia Albiol Badalonako alkateak Eferi adierazi dionez, Jorge Fernandez Diaz jakinean jarri zuen operazioaren inguruan eta Udaltzaingoa Guardia Zibilarekin aritu da elkarlanean, Amerika etorbideko ondoko kaleen zirkulazioa etenda, Llefià auzoko sarbiderik garrantzitsuena delako.

"Uneotan zuhurtasunez jokatu behar dugu", esan du Garcia Albiolek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Katalunia Bartzelona argazkiak Jihadismoa albisteak