Politika -

Ekitaldia Barakaldon

Atutxa:'Eztabaidan sinesten dutenek akordioak lotzen dituzte EAJrekin'

EAJren BBBko presidenteak adierazi duenez, "EAJk alderdi guztiekiko akordioak sustatu ditu, eta beharrezkoa da eztabaida hori kalera eramatea".

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea, Barakaldon izandako ekitaldian. Argazkia: EiTB
BizkaiaGO ekimenaren balorazioa aurkeztu du EAJk

0:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak defendatu duenez, azken urteetan EAJk "alderdi politiko guztiekin" lotu ditu akordioak. Halaber, "konfrontazioa sustatu beharrean, elkarrizketarako joera instituzional hori kalera eramateko" beharra azpimarratu du jeltzaleak.

Barakaldon izandako ekitaldian Unai Rementeria ahaldun nagusirako hautagaia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkaterako hautagaia izan dira. Bertan, azken urtean garatutako BizkaiaGO! prozesu partehartzailearen emaitzak jakitera eman dituzte.

500 bat zale eta hautagai jeltzale ere bertan izan dira, tartean, Jon Darpon, Ricardo Gatzagaetxebarria eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako sailburuak, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia.

Atutxak nabarmendu duenez, mila bat lagunek parte hartu dute BizkaiaGO! ekimenean, eta susperraldi ekonomikoa eta enplegua sustatzea "erronka handienak" direla onartu du.

"Elkarlana eginda bakarrik aterako gara krisitik, hori dela eta, entzuteko beharra premiazkoa da, eta EAJ ez da erantzunen beldur", gaineratu du. "Herritarren arazoak konpontzen saiatzen ari gara, eta horretarako lehendabizi entzun beharko da", adierazi du.

Rementeria

Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai Unai Rementeriak ohartarazi duenez, EAJk ez du "Bizkaian inolako esperimenturik egingo". "Bizkaiko Lurralde Historikorako guk dugu eskaintzarik onena", azpimarratu du.

Gainera, Rementeriak iragarri duenez, foru hauteskundeak irabaziz gero, 'Bizkaia Zeugaz' partehartzerako programa jarriko du martxan Aldundian.

Aburto

Amaitzeko, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatetzarako hautagaiak adierazi duenez, "kohesio sozialik gabe ez dago auzorik, gizarterik edo aberririk, hau da, eraikuntza sozialik gabe ez dago eraikuntza nazionalik".

"Bilbo modernizatzen jarraituko dugu", hitzeman du, "herritarrez kezkatzen den Bilbo irekia. Bilbo buruan eramango dugu, eta bilbotarrak bihotzean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea