Politika -

Bidegi auzia

Gipuzkoako Aldundiak uste du Bidegiren iruzurra 13,6 milioikoa dela

Markel Olano EAJko ahaldun nagusi ohiak berretsi du "gezurrezko salaketa" batean oinarritzen dela Aldundia.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea. Foto: EFE
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea.
AP-1en gainkostua, 10 milio euro baino gehiagokoa

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Aldundiak uste du Bidegiko ustezko iruzurra hasieran salatutako 3,4 milioi eurotik gorakoa dela, eta guztira 13,6 milioi eurokoa izan daitekeela. Hori horrela, zabaldu egin du azaroan aurkeztutako kereila.

Horixe jakinarazi du gaur Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak Donostian emandako prentsaurreko batean, Joseba Altube Bide Azpiegituren zuzendariarekin batera.

Hasiera batean, kereila (Azpeitiako Auzitegia ikertzen ari da ustezko diru publikoaren erabilera bidegabea eta dokumentuen faltsutzea) Eskoriatza Iparraldea-Arrasate Iparraldea AP-1eko zatira mugatzen zen, aurreko legegintzaldian, EAJk agintzen zuenean, egindako operazio batzuen harira.

Aurreko martxoaren 11n deklaratu zuten inputatuek, Agustin Zugasti Bidegiren zuzendari tekniko ohiak, Juan Bautista March Eptisa-Cinsa enpresako (lanak zuzendu zituen) ordezkariak eta Ivan Fernandez Landa Lauren Aldi Baterako Enpresa Elkarteko ordezkariak.

Gaurko agerraldian, Ugartek azaldu Aldundiak atzemandako ustezko iruzurra "hasieran ikusitakoa baino handiagoa" dela, 10,2 milioi euro handiagoa hain zuzen ere. Egin gabeko lanengatik ordaindu omen zuen aurreko Aldundiak, eta hori "oso larria" da Aldundiaren ustez, herritarren "dirua" delako.

Alde hori Aldundiak ingeniaritza enpresa bati eskatutako ikerketaren ondorioetan agertzen da. Oraingo honetan Apotzaga, Izurieta eta Gurutze Txiki tuneletako lanak aztertu dituzte.

Ugartek azaldu duenez, "lanen zuzendariak baloratutakoa baino % 2.000 baino gehiago likidatu zen" lur mugimenduetan, eta horrek 1,61 milioi euro garestitu zituen lanak.

Era berean, ikerketak % 60ko gainkostua (168.367 euro) utzi du agerian tuneletako sarbideetan, mugitutako lurra baino 58.000 metro kubiko gehiagogatik ordaindu zelako.

Bestalde, "tuneletako eraztunetan erabilitako hormigoi kopuruan" ere ustezko irregulartasunak izan omen ziren, eta behar baino 3,67 milioi euro gehiago gastatu omen zituzten.

Apotzagako tuneletan 2007an eta 2008an izan ziren luizien ondoriozko lanengatik ere 2,8 milioi euroko gainkostua atzeman dute ikerketan.

Azken ustezko irregulartasuna, gaur iragarritakoen artean, luizi horiek gertatu ziren lekua indartzeko zementu kopuruan dago, behar baino 1,5 milioi gehiago ordaindu zutela uste baitute.

Ugartek gaineratu duenez, "horren guztiaren aurrean, balorazioak soberan daudela uste dugu, datuak oso argiak baitira, eta epailearen esku utziko ditugu, oso gauza serioa dela uste baitugu".

Aurreko asteartean, auzia ikertzen ari zen Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzordeak "arduradun politiko zuzen" jo zituen Markel Olano ahaldun nagusi ohia eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako buru ohia, biak EAJkoak.

Olanok dio gezurrezkoa dela salaketa

Olanok berretsi du Bidegi auziaren ikerketa batzordeak helburua "elektorala" zuela, eta atzean "politikoki oso larria den kontu bat" duela: "Gezurrezko salaketa bat".

Eusko Alderdi Jeltzaleak uste duenez, Azpeitiko Epaitegiak Bidegi auziaren inguruan aurkeztutako kereila artxibatuko du. "Hori gertatzen denean ezker abertzalearen difamazio eta gezur estrategiaren aurkako neurri judizialak hartuko ditugu", adierazi du Eider Mendeoza batzarkideak.

"Gure alderdiak ez du inondik inora ere onartuko Aldundiak eta Bilduk lurraldeko bizitza politikoa lokazten jarraitzea", zehaztu du Mendozak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Gaurko albisteak Gipuzkoa Ustezko ustelkeria politikoa albisteak EH Bildu Bizkaia EAJ Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak AP-1 autobidea