Politika -
Katalunia
Pujolek dirutza 'abusu' politikoen bidez lortu zuela uste du epaileak
Pujol senar-emazteen eta Marta, Pere eta Mireia haien seme-alaben kontu korronteen informazioa eskatu die magistratuak BPA eta Andbank Andorrako bankuei.
Erredakzioa
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren familiak dirutza “gehiegikeria” politikoen bidez lortu ahal izan zuela ohartarazi die Bartzelonako epaile batek Andorrako agintariei; izan ere, Generalitatea zuzentzen 23 urte eman zituen politikariak.
Andorrako bankuetan Pujol familiak dituen kontuen informazioa eskatu du magistratuak. Epailearen hitzetan, dirutza Espainiatik kanpo dago eta Espainiako agintarientzako ikusezina izan da “delituzko jatorri bat duela disimulatzeko finantza zirkuitu baten parte delako”.
“Jordi Pujol Soley Kataluniako Administrazio Autonomoaren arduradun nagusia izan zen 20 urtez, eta goi-kargudun gisa egindako gehiegikerien bidez” dirutza bildu izana argitzeko ikerketa dela azaldu du epaileak. Funtsak presidente ohiaren aitak utzitako herentzia dela defendatzen du familiak, ostera.
Pujol senar-emazteen eta Marta, Pere eta Mireia haien seme-alaben kontu korronteen informazioa eskatu die magistratuak BPA eta Andbank Andorrako bankuei.
Bestalde, Kataluniako Parlamentuko ikerketa batzordean deklaratzeari uko egin dio gaur Merce Girones Jordi Pujol Ferrusolaren emazte ohiak, nahiz eta alderdietako bozeramaileek galderak egin.