Politika -

Auzitegi Nazionala

Ruzek 'Barcenas auzia' itxi eta egiaztatutzat jo du PPren 'B kutxa'

Epaileak Barcenas, Lapuerta, Paez eta PPren Madrileko egoitzaren berritze lanak egin zituen enpresako hiru langile epaitzea proposatu du, zerga delituak eta bidegabe jabetzea egotzita.

PPren Madrileko egoitza. Argazkia: Efe
PPren Madrileko egoitza.
Ruz epaileak 'B kutxa'ren auzian PP jo du erantzule

0:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak sei pertsona epaitzea proposatu du Barcenas auziaren baitan, Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPren diruzain ohiak eta Cristobal Paez gerente ohia tarteko, eta 'B kutxa'ren auzian arduradun zibiltzat jo du alderdi politikoa.

Bi urteko ikerketaren ostean, epaileak auto baten bitartez itxi du instrukzioa, eta Barcenas, Lapuerta, Paez eta PPren Madrileko egoitzaren berritze lanak egin zituen enpresako hiru langile epaitzea proposatu du, zerga delituak eta bidegabe jabetzea egotzita. Hala, egiaztatutzat ematen du 'B Kutxa' egon zela.

190 orriko autoan, PPk 1990etik 2008ra kutxa paralelo bat izan zuela azaldu du Ruzek, eta kontu horretan legez kanpoko finantziazioa jasotzen zuela, "kontabilitate paralelo, diru kutxa edo B kutxa" gisa erabiltzeko.

Ruzen esanetan, "Kontabilitate ilun edo b kutxa" horiek gerentearen eta diruzain nazionalaren esku zeuden, eta ez zizkioten Ogasun Publikoari jakinarazten. Hori horrela, "1990 eta 2008 artean legeak ezarritako mugak, betebeharrak eta baldintzak urratu zituzten sistematikoki".

'B Kutxa'rekin lotuta Barcenasek eskuz idatzita zituen paperetan agertzen diren 22 enpresarien kasuan, Ruzek inputazioa kendu die, nahiz eta dohaintza horiek kontabilitate ofizialetik kanpo geratu, batzuek goi kargudunei eskudirutan emanak baitziren.

Ruzek Toledoko epaitegi bati helarazi dio beste auzi bat, prebarikazioa izan litekeena. Izan ere, Ruzek uste du zabor-bilketa kontratua eman ziotela Sacyrren filial bati Maria Dolores de Cospedal presidentearen aldeko kanpainarako 200.000 euroko dohaintzaren truke.

B kutxa

Hala, Barcenasen paper guztiak aztertuta, epaileak uste du bi direla delituak, Lapuertak 'B kutxa'ko dirua hartu izana (Barcenasi jakinarazita, eta biei leporatzen die bidegabe jabetzea), eta zerga iruzurra PPren Genovako egoitzaren erreforman, alderdiak beltzea ordaindu ziolako Unifica enpresari.

Azken kasu horrengatik eta zerga delituan oinarrituta, Barcenas, Lapuerta, Paz eta Unifica enpresako Gonzalo Urquijo, Belen Garcia eta Laura Montero epaitzea proposatu du.

Ruzek dio 1.552.000 euro ordaindu zizkiola beltzean PPk Unificari egoitzako lanengatik, eta PPk 2008an (preskribatu gabe dagoen idatzi bakarra) ustez egin zuen delitu bat ere aztertzen ari da, enpresarien dohaintzak elkarteen zergaren barruan ez sartzeagatik.

Teknikariek hasiera batean dohaintzak ez zirela deklaratu behar esan bazuten ere, Ruzek kuotak kalkulatzeko eskatu zien, zerga delitua izateko gutxienekora iristen ote zen jakiteko, eta azkenean iristen zela ondorioztatu zuten.

Orain, epaileak dio ahozko epaiketan zehaztuko duela deliturik ote dagoen eta, dena dela, Barcenas, Lapuerta eta Paez izango direla erantzuleak, kontuen administratzaileak zirelako.

Bilboko egoitza

Autoan, Ruzek Bilboko egoitza ere aipatu du "legezko zirkuitu ekonomikotik kanpoko funtsekin" egindako ordainketen artean.

Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, "aipatu egoitza erosteko finantziazio operazioa kontrolatze aldera", Barcenasek "beste kontabilitate paralelo bat sortu zuen alderdiaren diru-sarrerak eta irteerak egiteko".

Hala, "'Sede Vizcaya' izeneko kontu bat sortu zuen", eta beran jaso zituzten eta 1999tik 2005era arteko diru mugimenduak.

"Ezkutuko azpikontu horietan eskudirutan emandako dohaintzak omen daude", epailearen arabera.

Ezin du PP epaitu legez kanpoko finantziazioagatik

Ruz epaileak gogorarazi duenez, ezin du PP legez kanpoko finantzazioagatik epaitu, eta ez du egoki ikusten Zigor Kodeko artikulu bat erabiltzea Gobernuari tipifikatuta ez dagoen jokabide bat zigor dezan eskatzeko, egun izapidetzen ari diren zigor kodearen erreforman delitu gisa agertuko baitira praktika horiek.

Instrukzioa amaitzeko, epaileak 20 eguneko epea eman die aldeei ahozko epaiketa hasi eta akusazio idatzia aurkezteko, eta bertan agertuko dira zigor eskaerak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Alderdi Popularra