Politika -

Hauteskundeak Andaluzian

Ciudadanosek Diazen kontra bozkatuko du 'Chaves eta Griñan' bota ezean

Riverak "aspaldiko politikari eta aspaldiko bizioei" uzteko eskatu dio Susana Diazi, Andaluzian benetako aldaketa bat egoteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Andaluziako hauteskundeak egin ostean berretsi duenez, bere alderdiak Susana Diazen inbestiduraren kontra bozkatuko du Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan Andaluziako Juntako presidente ohiak "ez baditu kaleratzen", eta eserlekuak utzi eta auzitegietara edozein herritar bezala ez badoaz.

Riveraren esanetan, "ezinbesteko" baldintza da Andaluziako PSOErekin gai zehatzen inguruan eztabaidatu baino lehen. Neurri hori hartu ezean, Ciudadanosek kontra bozkatuko du, eta ez du Ciudadanosen bestelako plan baten alde egingo.

Horren haritik, Riverak azpimarratu du ustelkeria ez dela "bateragarria" politikagintzarekin. "Susana Diazi dagokio pausoa ematea, eta Ciudadanosen babesa nahi baldin badu, Chaves eta Griñan bota beharko ditu", azaldu du.

Horrela, Riverak "aspaldiko politikari eta aspaldiko bizioei" uzteko eskatu dio Susana Diazi, Andaluzian benetako aldaketa bat egoteko. Halaber, Andaluziako PSOEk autokritika egiteko une aproposa dela gaineratu du, botoen % 5 galdu dituelako.

Parlamentuan indarrak banatuta egonda egonkortasuna erdiestea posible ote den galdetuta, Riverak esan du "aniztasunak" ezin duela inor beldurtu, "sektarismoak, ordea, bai". "Alderdiok sektarismorako bideari berriz ekiten badiogu, hondamendia litzateke. Baina zentzudunak baldin bagara, eta PPko, PSOEko eta Podemoseko kideak, areriotzat hartu beharrean, aberkidetzat jotzen baditugu, aukera paregabea izango da", esan du.

Parlamentuko presidente karguaren inguruan, Riverak esan du espero duela "neutrala" izatea eta "gauzak zuzen egitea". Ciudadanos "ez da etorri eserlekuak negoziatzera", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika Alderdi Sozialista