Politika -
Elkarrizketa ETBn
Egibar: 'Aldez aurretik idatzita daude Bidegi auziko ondorioak'
'Bidegi auzia'ren inguruan gertatutakoa "oso tristea" izan dela adierazi du. "Batzuen eta besteen portaera zein den agerian utzi du", gaineratu du.
Erredakzioa
Gipuzkoako Batzar Nagusietan 'Bidegi auzia' aztertzen ari den ikerketa batzordearen “sinesgarritasuna” zalantzan jarri du Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko buruak, “ondorioak hasi aurretik idatzita” daudela argudiatuz.
ETBri eskainitako elkarrizketan, ‘Bidegi auzia’ren inguruan gertatutakoa “oso tristea” dela adierazi du. “Batzuen eta besteen portaera zein den agerian utzi du”, gaineratu du.
“Ezker abertzaleak lau urte eman ditu EAJren kudeaketan zulo bat topatzeko; udalez udal eta Aldundian ere bilaka aritu dira, eta, lau urte horien amaieran, Larraitz Ugarte diputatuak teknikari batzuen aurkako kereila iragarri du”, adierazi du Egibarrek.
“Aldi berean, EH Bilduk eta PPk ikerketa batzorde bat antolatu dute; ondorioak aldez aurretik idatzita dauzkan batzordea, alegia. Ezker abertzaleak gai horri buruz duen iritzia norbaitek ondo azaldu ahal badu, pertsona hori Joseba Permach da; EAJ ustelkeriaz blai dagoen alderdia dela esan zuen epaitegi batean”, nabarmendu du.