Politika -

Hauteskundeak Andaluzian

PPk esan du 'andaluziarren mezua' aditu behar dutela

Podemosek esan du "aldaketarako urrats erabakigarria" eman dutela, baina ez dela nahikoa izan. Pedro Sanchezek esan du "sozialismo andaluziarraren garaipena sozialismo espainiarraren garaipena" dela.

Cospedal eta Rajoy, Genovako egoitzan egindako bileran. Irudia: EFE
Cospedal eta Rajoy, Genovako egoitzan egindako bileran. Irudia: EFE
Cospedal eta Rajoy, Genovako egoitzan egindako bileran. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren iritzian, "andaluziarrek mezu bat bota" diote alderdiari Andaluziako hauteskundeetan eta, hori dela eta, mezua entzuteko beharra du.

PPk egindako gogoetako bat da, atzoko, igande, hauteskundeetan 17 eserleku eta milioi erdi boto galdu eta gero. Gogoeta alderdikideei zuzenduta dago eta porrotaren ondorengo txosten baten parte da.

Gainera, haien alde bozkatu duen milioi bat baino gehiago andaluziarrei eskerrak eman dizkie, baina onartu egin du emaitza ez da aurreikusi zutena izan. Halere, ziur dago hauteskunde-kanpaina ona egin dutela eta 33 urteko sozialismoaren ordezko proiektua proposatu duela.

Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak, bere aldetik, adierazi du emaitzak ezin direla maila nazionalera zabaldu eta hobekuntza txiki bat izan dutela, Europako hauteskundeetan jaso zuten emaitzekin alderatuta.

"Ez da nahikoa izan"

Carolina Bescansa Podemoseko Analisi Politiko eta Sozialeko idazkariaren hitzetan, Podemosen emaitzek erakutsi badute ere "aldaketarako urrats erabakigarria" eman dela, pausoa "ez da behar beste luzea izan".

"Uste dugu Podemosek jaso duen mezua argia dela: lanean jarraitu behar dugu. Urrats erabakigarria eman dugu aldaketa gauzatzeko, baina ez da behar beste luzea", onartu du Arte Ederretako aretoan emandako prentsaurrekoan, Podemosen Koordinazio Kontseiluaren ostean.

Carolina Bescansa Podemoseko Analisi Politiko eta Sozialeko idazkaria. Irudia: EFE

Carolina Bescansa Podemoseko Analisi Politiko eta Sozialeko idazkaria. Irudia: EFE

Halere, adierazi du emaitzok "historikoak" izan direla, urtebetean ordezkaritzarik ez izatetik 15 eserleku izatera igaro direlako. Edonola ere, esan du ezin direla Espainia mailara "zabaldu", bertan "PSOEren krisia Andaluzian baino askoz larriagoa" delako.

Halaber, Bescansaren arabera, bere alderdiak ez du inbestiduran bozkatuko duena erabakiko, Susana Diazekin bilera izan arte, baina, aurreratu duenez, sozialistak "aldaketa prozesua" zabaltzeko prest baldin badaude, "posible da akordioez hitz egitea".

"Sozialismoaren garaipena"

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak Susana Diaz zoriondu du gaur, astelehena, autonomia hauteskundeak irabazteagatik eta, gainera, azpimarratu duenez,"sozialismo andaluziarraren garaipena sozialismo espainiarraren garaipena" da.

"Argi esaten dut, inolako konplexurik gabe, distantziakidetasunik gabe: atzokoa Susana Diazen garaipena izan zen, sozialismo andaluziarrarena eta sozialismo espainiarrarena", esan du Sanchezek Ferrazen, PSOEren Batzorde Federalak igandeko emaitzak aztertzeko bilduta jarraitzen zuen bitartean.

Pedro Sanchez, Ferrazen, prentsaurrekoan. EFE

Pedro Sanchez, Ferrazen, prentsaurrekoan. EFE

Sanchezen ustean, "atzo PSOEk irabazi zuen, Andaluziak irabazi zuen eta galtzaileak PP eta haren erreforma antisozialak izan ziren". Gainera, idazkari nagusiaren arabera, Mariano Rajoyren alderdiak "arazo bat" dauka "lidergoarekin", eta konpontzeko deia egin dio.

Gainera, PSOEren burua pozik azaldu da emaitzengatik, baina saihestu du alderdiaren etorkizunarekin eta uztaileko primarioekin (Moncloarako hautagaia aukeratzeko) lotzea; garaipena 2015ean emandako "lehen pauso irmoa" izan da "Espainiak nahi eta behar duen aldaketa" gauzatzeko.

IU, "aztertu egin behar da"

Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiaren esanetan, emaitzak "txarrak, besterik gabe" izan dira eta, gainera, argi utzi du ez dutela bere burua "zigortuko" eta ez direla "zauriak laztantzen" geratuko.

Larak atzoko emaitzak aztertu eta gero prentsaurrekoa eman du Olimpoko egoitzan, IUren inoizko emaitzarik txarrenen ostean Andaluzian. Alderdiak zazpi eserleku galdu ditu, baina ordezkaritzari eutsi dio.

Lara, emaitzak baloratzeko emandako prentsaurrekoan. Irudia: EFE

Halere, ez du uste inork uko egin beharko dionik karguari, baizik eta, Andaluziako organizazioak lanari ekin beharko dio, jendarteari bizi-kalitatea hobetzeko dituzten proposamenak helarazteko.

Larak, bestalde, ez du baieztatu nahi izan Podemosen etorrerak IUren porrota eragin ote duen eta, esan duenez, Pablo Iglesiasen alderdiak, "inolako iragan politikorik izan gabe, politika errealean jokatu beharko du".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika albisteak Albisteak Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra