Politika -

Hauteskundeak Andaluzian

Susana Diaz: 'Bakarrik gobernatuko dut'

Andaluziako sozialisten buruak nabarmendu duenez, 'lehen ez nuen egonkortasuna dut orain'.

Susana Diaz: 'PSOEk garaipen ukaezina eta historikoa lortu du'

05:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Bakarrik gobernatuko du". Aldarrikapen irmoa egin du goizean Susana Diaz Andaluziako PSOEko idazkari nagusi eta 2015eko martxoaren 22ko hauteskunde autonomikoen irabazleak. Buruzagi sozialistak agertu duenez, hauteskundeetan lortutako "gehiengo zabala" dela eta, "lehen ez nuen egonkortasuna dut orain".

Cadena SER irrati kateari eskainitako elkarrizketan, aurreko legegintzaldian IUrekin zuen koalizioaren inguruan mintzatu da Diaz: "Haien erabakien menpe nengoen, orain lehen ez nuen egonkortasuna dut". Horren hitzetan, "andaluziarrek argi hitz egin dute eta PSOEk gehiengo zabala du" (47 eserleku).

Diazen esanetan, sozialistek osatutako gobernu batek bi kasutan bakarrik edukiko luke oztoporen bat: "PPk eta Podemosek bat egiten badute edo alderdi guztiek gure kontra egiten badute".

"Ezagutzen nautenek badakite esaten dudana bete egiten dudala: bakarrik gobernatuko dut", iragarri du. Hori bai, "jende guztia (Parlamentuan ordezkaritza lortu duten alderdiei erreferentzia eginez) eroso egon dadin eginahalak egingo ditut eta gogotsu jardungo dut", erantsi du.

Martxoaren 22ko hauteskundeen emaitzak:

Andaluziako Parlamentua osatuko duten gainerako lau alderdiekin hitz egiteko prest agertu da Diaz. "Jende guztiari entzungo diogu, euren ekarpena egiteko modua izan dezaten", esan du. Dena den, Andaluzian abiatu den aro berri honek eskatzen duen mailan egoteko deia egin die beste alderdiei.

Madrildik aritzea baztertu du

Espainiako hauteskundeetan lehiatzeko asmorik ote duen galdetuta, ezezko biribila eman du Diazek: "Oraintxe Andaluzia da nire pasioa, eta ez dut besterik buruan. Inork ez nau Andaluziara bidali, hau da nahi dudana, eta orain nire lurra da nire anbizioa". Hala, "bistan denez", legegintzaldi guztian Andaluzian geratuko dela esan du Diezek.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin duen harremanaz ere aritu da Diaz. Horren arabera, harreman "normala" dute eta "sarri" hitz egiten dute elkarrekin. Diazen esanetan, "argi dago bera Madrilen dagoela eta ni hemen. Sanchezek badaki andaluziarren interesak beti egongo direla PSOEren interesen gainetik; ni naiz andaluziar guztien presidentea", erantsi du.

Susana Diaz EFE

Susana Diaz, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Podemos, Ciudadanos eta PP, ahotan

Podemosek eta Ciudadanosek lortutako emaitza onei buruz galdetuta, hauxe esan du Susana Diazek: "Jakin bagenekien herritarrak ez zeudela pozik, politika egiteko modu zaharrak aldatu nahi zituztela". Buruzagi sozialistaren ustez, igandean gertatutakoa lezioa izan da alderdi guztientzat, eta berak ilusioz eta erantzukizunez hartu du garaipenaren erronka.

Alderdi Popularrek jasandako porrota logikoa dela adierazi du Diezek: "Alderdi Popularrak ez du Andaluzia ulertzen, eta herritarrek zigortu egin dute". Mariano Rajoy Espainiako presidentea "hauteskunde kanpainan bakarrik gogoratu da Andaluziarekin", buruzagi sozialistaren iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Albisteak Alderdi Sozialista Aldaketa PSOEn bideoak