Politika -

Andaluziako hauteskundeak

PSOEren 'garaipen historiko eta ukaezina' azpimarratu du Susana Diezek

Juanma Moreno PPko presidentegaiak onartu du ez dituztela esperotako emaitzak izan, baina 'lehenago edo geroago' aldaketa etorriko dela esan du.

Susana Diaz. Argazkia: EFE
Susana Diaz. Argazkia: EFE
Susana Diaz. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz Andaluziako PSOEren presidentegaiak adierazi duenez, gaurkoa "garaipen historiko eta ukaezina" da, eta gaurko emaitzekin guztiek kontsekuente izan behar dutela azpimarratu du.

Horiek izan dira Susana Diazek kazetarien aurrean egin dituen lehen adierazpenak. Buruzagi sozialistak ondoan zituela, "garai berri hau hobea" izango den esperantza agertu du, eta sozialistentzat egun "historikoa" dela nabarmendu du, lehendabizikoz emakume batek irabazi dituelako hauteskundeak.

Batasunaren, egonkortasunaren eta elkarrizketaren alde mintzatu da Diaz, eta Andaluzian gertatutakoa Europako oso toki gutxitan gertatu dela esan du; hau da, agintean 33 urte eman eta gero, gutxik lortu dutela berriz ere gehiengoa eskuratzea.

PP

Juanma Moreno PPren hautagaiak onartu du ez dituztela esperotako emaitzak izan (33 eserleku eskuratu ditu PPk, eta 47, PSOEk), baina Andaluziako Gobernuan "lehenago edo geroago" aldaketa izango dela nabarmendu du.

Morenoren esanetan, frogatuta gelditu da hauteskundeak aurreratzearen atzean "hauteskunde interesa" zegoela, ez egonkortasuna lortzea. Halaber, Parlamentua eta Gobernua osatzeko epeak ahalik eta laburrenak izatea eskatu du, andaluziarrek ez luketelako ulertuko, hauteskundeak aurreratzeko horrenbesterainoko "presa" izan ondoren, gobernatzeko presarik ez izatea, horren ustez.

Juanma Morena PP EFE

Juanma Moreno (PP). Argazkia: EFE

Podemos

Teresa Rodriguez Andaluziako Gobernurako hautagaiak pozik hartu ditu Podemosek hauteskundeetan lortutako 15 aulkiak. "Argazki finkoa aldatu da, eta alderdi-bitasunaren indarrek 17 aulki galdu dituzte. Podemos aldaketa horren protagonista da, eta aldaketa hori jada hasi da", azpimarratu du.

"Duela urtebete hasitako aldaketak Andaluzian jarraituko du orain, beharrezkoak garelako, eta kalean dagoen sen ona erakundeetan behar dugulako", esan du Rodriguezek.

Teresa Rodriguez Podemos EFE

Teresa Rodriguez (Podemos). Argazkia: EFE

Ciudadanos

PSOEren balizko koalizio-gobernuan ez direla sartuko iragarri du Ciudadanos alderdiak Andaluziako Presidentetzarako aurkeztu duen hautagaiak, Juan Marinek. Ciudadanosek 9 aulki eskuratu ditu Andaluziako hauteskunde autonomikoetan.

Kazetariei eskainitako adierazpenetan Marinek gogora ekarri duenez, "hauteskunde kanpainan esan genuen hauteskundeak irabazi ezean ez garela gobernuan izango". Hala ere, PSOE babesteko prest azaldu da, sozialistek proposatutako erreformak martxan jartzen badituzte.

"Ez dugu kontseilaritza baten truke mendekotasuneko gobernu bat babestuko", gaineratu du.

Rivera Ciudadanos EFE

Albert Rivera (Ciudadanos). Argazkia: EFE

UPyD

Martin de la Herrera Andaluziako Presidentetzarako UPyDko hautagaiaren iritzian, "gaurko hauteskundeetan ustelkeriak irabazi du". UPyDko hautagaiak atsekabetuta hartu ditu emaitzak, eta Andaluzian "ziurgabetasun handiak" izango direla iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia PSOE