Politika -
Bizkaiko hautagaitzak
'Guztia aldatzeko erasoaldi sozioekonomikoa' proposatu du EH Bilduk
Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduko hautagai Josu Unanuek azpimarratu duenez, "goitik behera aldatu behar dugu guztia, herritarrengan inbertitu eta sinetsi behar dugu".
Erredakzioa
EAJk Gobernuan hamarkadak eman ostean, "guztia aldatzeko erasoaldi sozioekonomikoa" proposatu du gaur Josu Unanue Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduko hautagaiak.
Koalizio abertzaleak hauteskunde-zerrendetako lehen lau hautagaiak aurkeztu ditu, hala nola, Bilbo, Busturia-Uribe, Ezkerraldea-Enkarterri eta Durango-Arratia.
Unanuek adierazi duenez, EAJren agintari bizkaitarrak "herritarren alde begiratzeko eta lan egiteko ezgai dira, eta gutxi batzuen interesak baino ez dituzte defendatzen". "Goitik behera aldatu behar dugu guztia, herritarrengan inbertitu eta sinetsi behar dugu", nabarmendu du.
Koalizioaren programa laburtu du EH Bilduko hautagaiak: bizkaitarrek "duintasunez" bizi ahal izatea bermatzea, azpiegitura sozioekonomikoa aldatzea, sistema fiskala aldatzea, eta finantza-sistema"propioa eta publikoa" izatea.
Gainera, EH Bilduren 'Euskal Bidearen' estrategia subiranoarekin bat egin du, "guztiontzako beharra baita, arnasa hartzea bezalakoa". Halaber, "gatazkaren irtenbidea" bilatzeko eta "era ordenatu batean" ETAko presoek etxera ekartzeko lanean jarraituko duela hitzeman du Unanuek.
'Etorkizunerako inbertsioa'
Arantza Urkaregi zinegotzi ohia ere bertan izan da, izan ere Batzar Nagusietarako Bilboko zerrendaburua da. "Gastu soziala ez da jasanezina", esan du Urkaregik, "areago, ezin dugu gastutzat hartu, etorkizunerako inbertsioa baita".
Bestalde, "bizitza bera politika guztien erdigunean" kokatuko dutela hitzeman du Asier Vega Enkarterrietarako EH Bilduko zerrendaburuak, "herritarren ugalketa eta zaintzaren inguruko lana ikusiarazteko". Halaber, emakumezkoentzat eta gazteentzat zuzendutako enplegu-plan baten alde egin du.
Amaitzeko, Meritxel Elgezabal Durango-Arratiako hautagaiak azpimarratu duenez, fiskalitate arloan aldaketa posible dela erakutsi du EH Bilduk Gipuzkoako Aldundian.