Politika -
Gaixo larria
Fernandez Iradik preso jarraitu ahal duela uste dute medikuek
ETAko presoak esklerosi anizkoitza du, baina bere egoera kartzelan egotearekin "bateragarria" dela erabaki dute.
Erredakzioa
Justiziak eskatuta txostena egin duten medikuen arabera, Juan Ibon Fernandez Iradi ETAko presoaren esklerosi anizkoitza "bateragarria" da kartzelan egotearekin.
Maritxu Paulus Basurco Fernandez Iradiren abokatuak azaldu duenez, hirugarren mediku txostena egin duten medikuek erabaki dute presoaren egoera "bateragarria dela atxiloaldiarekin", nahiz eta aitortu gaixotasunak aurrera egin ahala presoak "mugikortasuna galdu" egingo duela.
Medikuen txosten hori izango da datorren martxoaren 26an egingo den auzi saioaren elementu nagusia. Pauko Auzitegiko zigorren alorreko aretoak eskatu zuen txostena iazko urrian, presoak esklerosiaren tratamendua espetxetik kanpo jasotzea eskatu ostean.
Abokatuak kontraesanak salatu ditu. Izan ere, Lannemezango espetxean ezin ditu jaso gaixotasunak behar dituen tratamendu guztiak, fisioterapia eta psikologia, besteak beste.
"Harritu egiten gaitu txostenak", zeren "elementu kontraesankorrak" baitaude, adierazi du Paulus Basurcok.