Politika -
Epaitegiak
Europari zigorrak pilatzearen inguruan galdetzea aztertuko du ANk
Aste Santua igarota, auzia eztabaidatuko dute osoko bilkuran, Europako zuzentarauak eragin dituen interpretazio ezberdinen harira.
Erredakzioa
Zigorrak pilatzearen auziak eztabaida sakona eragin du Espainiako erakunde judizialen artean. Horren lekuko, Auzitegi Nazionaleko (AN) osoko bilkurak apirilaren 10ean egingo duen saio berezia. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari zuzentaraua zelan aplikatu behar duen galdetuko dion edo ez erabaki behar dute epaileek.
2008an hartu zuen Europako Kontseiluak hautsak harrotu dituen erabakia. Horren arabera, preso batek EBko herrialde bateko kartzelan betetako urte kopurua beste herrialde bateko espetxean igaro beharreko denborari kendu beharko zaio.
Auzitegi Nazionaleko epaile batzuen ustez, beste herrialde batean kartzelan emandako urte horiek aintzat hartu behar dira. Gorenaren eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren aburuz, ordea, 2010etik aurrera ezarritako zigorrei bakarrik aplikatu behar zaie kenketa.
Auzia Zigor arloko osoko bilkuran eztabaidatu behar dela uste dute ANko 3. eta 1. sekzioek, Europako zuzentaraua preso guztiei aplikatu behar zitzaiela eta Santiago Arrospide eta Alberto Plazola presoak aske uztea erabaki zuten magistratuek, alegia.
Gorena, Arrospide eta Plazaola libre geratzearen kontra
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Gorenera jo zuen, eta honek ETAko bi kide historikoak kartzelara itzultzeko agindua eman zuen, zigorren kenketa egin behar ez zela argudiatuta. Erabaki horrek ezinegona sortu du Auzitegi Nazionaleko sektore batean, eta horrek bultzatuta, Europari galdetu behar ote dioten eztabaidatuko dute.
Epaileok ezbaian jartzen dute zigorrak pilatzeko epemuga bat, 2010eko abuztua, jarri izana. Gorenaren ebazpenarekiko kritiko diren epaileen aburuz, EBko Oinarrizko Eskubideen Gutuna urratu du Espainiak.