Politika -
Auzitegi Nazionala
Ruzek GALen azken hilketaren auzia artxibatzea proposatu du
Epaileak akusaturik gabe amaitu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketari buruzko ikerketa.
Erredakzioa
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak akusaturik gabe amaitu du Juan Carlos Garciaren hilketari buruzko ikerketa. Goena 1987an hil zuen GALek Hendaian.
Fiskaltzaren moduan, Ruzek uste du ez dagoela "zentzu kriminalik inoren kontra jotzeko ikertzen ari diren gertakariengatik".
Hori horrela, Juan Carlos Garcia Goenaren hilketa ikertzen zuen sumarioa "inor prozesatu gabe" ixtea erabaki du epaileak.
Instrukzio epaileak Zigor Aretora bidali du sumarioa erabakia berretsi edo atzera bota dezan, hau da, artxiboa onartu edo onar ez dezan, eta ondoren 10 eguneko epea abiatuko da aldeek helegitea jar dezaten.
Gaur argitaratutako autoan, epaileak 2012ko uztailean auzia berriro ireki zuenetik egin duen prozesua azaldu du. Garcia Goenaren alargunak eskatuta ireki zen berriro prozesua, El Mundo egunkarian agertutako informazio batzuetan oinarrituta.
Albiste horien arabera, "Patxi A, Photo Galaxia argazki dendako jabea, izan zen biktima identifikatzeko eta hiltzeko erabilitako argazkiaren egilea".
Hala, Ruzek deklarazioa hartu zion argazkilariari, eta horrek ukatu egin zuen GALekin harremanik zuenik eta argazkia erakunde kriminalari eman zionik.
Antonio Rubio kazetariari, Jose Amedo poliziaburu ohiari eta Garcia Goenaren alargunari ere hartu zien deklarazioa lekuko gisa.
Era berean, lekukoek zituzten irudiak eta Irunen lan egin zuen guardia zibil baten lekukotza ere jaso zituen epaileak.
"Ikerketan egindako izapide guztietatik ezin da oraingoz ondorioztatu hiltzaileak argazkian oinarritu zirela hilketa egiteko", epailearen esanetan.
Bestalde, Ruzek gogorarazi du Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absolbitu egin zituela 1991n Amedo eta Michel Domiguez Garcia Goenaren hilketagatik, eta Auzitegi Gorenak berretsi egin zuela ebazpena.