Politika -
Osasuna auzia
Sanz, Miranda, Izco eta Vizcayren kontra salaketa aurkeztu du Kontuzek
Patxi Zamora Kontuzeko bozermaileak esan duenez, Nafarroako Gobernuko buruzagi ohiek Osasuna taldeko ustezko irregulartasunekin zerikusia izan zutela erakusten dute 'frogak soberan' dituzte.
Erredakzioa
Kontuz elkarteak salaketa penala aurkeztu du Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiaren, Alvaro Miranda Ogasun kontseilari ohiaren, Jose Ignacio Perez de Albeniz Foru Ogasuneko zuzendari izandakoaren, Patxi Izco Osasunako presidente ohiaren eta Angel Vicay Osasunako gerente ohiaren kontra. Denek prebarikazio delitua egin dutela uste du Kontuzek.
Patxi Zamora Kontuzeko eledunak jakitera eman duenez, Nafarroako Gobernuko buruzagi ohiek Osasuna taldeko ustezko irregulartasunekin zerikusia izan zutela erakusten dute "frogak soberan" dituzte. Osasuna 53 milioi euroko zorra izatera iritsi zen Foru Ogasunarekin.
"Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak aurreratu zuenari Osasunako buruzagi ohiek epailearen aurrean egindako adierazpenak gehituta, auzi honetan ardura politikoak egon badaudela, eta kasu batzuetan penalak ere bai, garbi ikusten da", esan du Zamorak.
Kontuzeko bozeramailearen aburuz, "Osasuna eta Foru Ogasuna elkar hartuta" egon badira, auzi hau epaitegietan argitu behar da. "Ogasun ikuskatzaileek beste aldera begiratu eta Osasunaren kontrako isunak geldiarazi bazituzten, Osasunak ustezko ustelkeria putzu batean sartzeko Foru Gobernuko kideen laguntza izan bazuen, norbaitek Osasunari zegozkion zergak ez ordaintzeko baimena eman bazion, norbait horrek azalpenak eman beharko ditu epailearen aurrean", esan du.
Nafarroako Parlamentua
Foru Erkidegoko Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Osasuna auzian akusazio partikular gisa pertsonatzeko eskaria atzeratzea eskatu du, harik eta Parlamentuko zerbitzu juridikoek gai honek inguruko azterketa egin eta iritzia eman arte.