Politika -
Bidegi auzia
Ugarte: 'Datu ukaezinetan oinarritzen da Bidegi auziaren kereila'
Gaur hasi da Gipuzkoako Batzar Nagusietan AP-1 autobidearen eraikuntzan izandako ustezko ustelkeriaren inguruko ikerketa batzordea.
Erredakzioa
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Azpiegitura diputatuak Bidegi auziaren kereilaren datu teknikoak “ukaezinak” direla baieztatu du. “Horiek fundamenturik ez balute, Azpeitiko Epaitegiak ez zukeen kereila tramitera onartuko”, gaineratu du.
Gaur hasi da Gipuzkoako Batzar Nagusietan AP-1 autobidearen eraikuntzan izandako ustezko ustelkeriaren inguruko ikerketa batzordea. Aldundiak dioenez, egin gabeko lanengatik 3,4 milioi euro ordaindu zituen.
2011ko ekainean ordaindu zen diru hori, AP-1 autobidearen lanen amaierako likidazioan. Urte horretan EAJk zuzentzen zuen Gipuzkoako Aldundia. Dirua ondorengo kontzeptuekin erlazionatuta dago: Basagoiti-2 soberakinen biltegiarekin (500.000 euro gehiago), lurra mugitzeko egindako lanekin (900.000 euro gehiago) eta induskapenekin (2 milioi gehiago).
Larraitz Ugarterekin batera izan dira batzordean aldundiko teknikariak. Kereila oinarritzen den hiru puntu horiek izan ditu hizpide Ugartek, baina batez ere Basagoiti-2 biltegian izandako ezberdintasunak nabarmendu ditu. “Obra amaierako txostenak zionez, biltegia %99,78 zegoen beteta eta 2.228.500 metro kubiko zituen, nahiz eta horrela ez izan”, esan du.
Teknikariek adierazi dutenez, hiru neurketa ezberdin egin ziren, eta kasu guztietan ez zuten 1,3 milioi metro kubikoren kantitatea gainditu.
Eider Mendoza EAJko batzarkideak azaldu duenez, “lurrak mugitzeko arrazoiak justifikatuta daude”. “Aldaketak izan ziren eta lur horiei beste erabilpen bat eman zitzaien”, gaineratu du. Mendozak ziurtatu duenez, “ikerketa eta da erreala, inpultso politiko baten ondorio baizik”.
EAJko batzarkideak eta Lore Suarezek PSEko batzarkideak salatu dutenez, aste bat besterik ez dute izan aldundiak igorritako txostenak ikertzeko.
Alderdi Popularreko Iñigo Manriquek zehaztu duenez, “ikerketa batzordearen aurka agertu direnentzat beti dago konspirazioaren teoria eskura, baina hori justifikatua dago, datu objektiboak baitaude.”
Ikerketa batzordeak astelehenean izango du jarraipena. Markel Olano Ahaldun Nagusia ohia, Eneko Goia Azpiegitura Diputatu ohia eta Josu Bergara Bizkaiko Ahaldun Nagusi ohia eta Eptisa Cinsa enpresako presidentea izango dira astelehenean batzordean.
EH Bilduren oharra
Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bidegiren inguruan antolatutako ikerketa batzordeak bilera izan du gaur. EH Bilduk adierazi duenez, “horretan parte hartu duten topografoek eta teknikariek Basagoitiko soberakinen biltegian ordaindutakoa baino lur gutxiago dagoela nabarmendu dute”.
“Guztiek baieztatu dute ordaindutakoa baino lur gutxiago dagoela eta Basagoitiko soberakinen biltegia ez dagoela esan bezala Beteta. Txostenetan ageri dena baina 900.000 metro kubiko lur gutxiago dago”, nabarmendu du EH Bilduk.