Politika -
Terrorismoa goratzea
Bi urteko espetxe-zigorra ezarri dio Gorenak Hasel rap abeslariari
Horrela, Auzitegi Nazionalak Pau Rivadulla rap abeslariari ezarritako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, bere abestietan ETA, Grapo, Terra Lliure edo Al-Qaidaren terrorismoa goraipatzeagatik.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Pau Rivadulla, Pablo Hasel, rap abeslariari ezarritako bi urteko kartzela-zigorra berretsi du gaur Auzitegi Gorenak, bere abestietan ETA, Grapo, Terra Lliure eta Al-Qaidaren terrorismoa goratzeagatik. Adierazpen askatasunak “gorrotoaren diskurtsoari” babesa ematen ez diola azaldu du Gorenak sententzian.
Interneten Youtube bidez zabaldu zituen zenbait kanta direla azaldu du Gorenak. Sare sozialaren bidez hedapen handia lortu zuten abestiek. “Terrorismoagatik zigortutakoak eta haien ekintzak laudatu ditu” abeslariak, epaiaren arabera. “Era berean, erasoen jomuga izatea merezi zuten pertsona edo erakundeak aipatzen ditu abeslariak”, Gorenak erantsi duenez.
Rap abeslariak kantak egin zituela onartu zuen epaiketan, Auzitegi Nazionalak bere sententzian zehaztu zuenez. Haselen hitzetan, “artista gisa sormen eta adierazpen askatasunak” gauzatu zituen. Gorenak ez du argudioa onartu.
Youtube
Epaian, Youtubera igo zituen dozenaka abestien hitzak zerrendatu zituen Auzitegi Nazionalak. Manuel Perez Martinez Kamarada Arenas Grapoko buruzagia goraipatzen zuen Haselek horietako batean, sententziaren arabera.
“Patxi Lopezen autoak eztanda egitea merezi du!”, “Abesten dudana ez entzutea hanka-sartzea da, Terra Lliurek Losantos bizirik uztea bezala”, “Grapo inperialimoaren krimenen aurrean bidezko defentsa zen”, “Hariak maneiatzen dituztenek mila kilo amonal merezi dute” edo “epaile nazien garondoak jotzen dituzten baletan pentsatzen dut” esaldiak, besteak beste.
Beste kanta batzuen izenburuak: Zure garondoko tiroak ez dit penarik ematen, Askatasuna preso politikoentzat, Demokrazia ama puta hori, Askatasuna Arenasentzat edo Jacques Mesrineren semetzat hartua. Azken horretan “Jose Bonoren buruan norbaitek piolet bat sartzea” eskatzen du abeslariak.