Politika -

Ikerketa Batzordea

Legebiltzarrak ez du Kutxabanken bat-egite prozesua ikertuko

EH Bilduk babestutako proposamenarekin prozesu osoa ikertu nahi zuten; izan ere, orduan gertatu ziren Fernandezek Cabiecesekin lotutako bulego bati egindako "ustezko ordainketa irregularrak".

Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe
Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkidea.
Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ez du batzorderik eratuko Kutxabankeko "balizko irregulartasunak" eta Mario Fernandez buru zenean egindako bat-egite prozesuko gertakari guztiak ikertzeko.

EH Bilduk proposatu du batzordearen sorkuntza, eta EAJ, PSE-EE eta PP kontra agertu dira, eta UPyDk ez du saioan parte hartu.

Koalizio abertzaleak Mario Fernandezen garaian Vitalek, Kutxak eta BBK-k bat egin zutenean gertatutako guztia ikertu nahi zuen; izan ere, orduan agindu zituen Fernandezek "ustezko ordainketa irregularrak" egitea Mikel Cabieces (PSE) Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiarekin lotutako abokatu bulego bati.

Cabiecesek eta Fernandezek apirilaren 16an deklaratuko dute inputatu gisa Bilbon, bidegabeko jabetzea, leialtasun ezarekin administratzea eta dokumentuak faltsutzea leporatuta.

Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, auzitegiak ebazten duenaren zain, "badirudi delitua" egon dela 'Cabieces auzia'n; baina, horrez gain, "gauza ilun gehiago daude".

"Kutxabankekin azken urteotan gertatu dena oso larria da ekonomikoki. Legebiltzarrak gertatutakoa argitzeko eta azalpenak eskatzeko eskubidea eta betebehar morala du", gaineratu du.

Josune Gorospe EAJren legebiltzarkideak "euskal kutxen ibilbidea zalantzan jartzeko kasu zehatz bat" erabiltzea egotzi dio EH Bilduri.

Txarli Prieto PSE-EEkoak, berriz, "proposamenak zehaztasunik ez" zuela kritikatu du, eta 'Cabieces auzia' "behar den tokian", auzitegian, dagoela azpimarratu du.

PPtik, Anton Danboreneak esan du EH Bilduri ez zaiola axola auzitegiko prozesua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak Kutxabank berriak