Politika -
Bakea eta bizikidetza
EAJren ihardespenaren zain dago Sortu, proposamena errefusatu ostean
Barrenak berretsi du lanerako dokumentu bat zela, eta ondorioak ez zirela "behin betikoak". Era berean, ezker abertzaleak jeltzaleekin akordioetara iristeko duen konpromisoa azpimarratu du.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak esan du zain daudela, ea EAJk noiz helarazten dien ezker abertzaleak egindako bake eta bizikidetza proposamenaren ihardespen dokumentua.
Barrenak prentsaurrekoa eman du gaur EAJri erantzuteko. Izan ere, jeltzaleek atzo iragarri zuten ez zutela onartzen Sortuk duela aste pare bat "gatazkaren ondorioen" inguruan igorritako proposamena.
Barrenak berretsi du lanerako dokumentu bat dela, eta ondorioak ez direla "behin betikoak". Horregatik, EAJk proposamen berriekin erantzun beharko liokeela uste du, zuzenketa eta ekarpen posibleekin.
Horren aurrean, Sortu "harrituta" geratu da, proposamena publikoki errefusatu dutelako, eta hori ez dela "serioa" iritzi diolako.
EAJk proposamena atzera botatzeko "terminologiari" eta "lexikoari" erreferentzia egin izana kritikatu du Barrenak, Sortuk "esfortzua" egin zuelako bi alderdiek onartuko luketen lengoaia erabiltzeko.
Barrenak azpimarratu du proposamenean "eduki ausartak eta berritzaileak" daudela, eta arreta kontzeptuetan jarri beharko litzatekeela uste du, ez terminologian.
EAJk atzera bota duen proposamenak "indarrean" jarraitzen duela gaineratu du, ezker abertzaleak "garai politiko berria kudeatzeko" jeltzaleekin akordioak bilatzeko konpromisoak bezalaxe.