Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Fernandez: 'Horrelako estrategiek harremanak gaiztotzeko balio dute'

Fernandezek esan du bisita berak eskatu zuela, ez Rafa Diezek. LABeko buruzagi ohiak kristalaz bestaldetik erakutsi ziona 'bere iritzia hobeto agertzeko bi eskema' baino ez zirela izan zehaztu du.

Iritzi kontrajarriak dituzte alderdiek Duesoko bisitaren inguruan

1:53

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohiari El Duesoko (Santoña, Kantabria) espetxean egin zion bisitaz argibideak eman ditu gaur goizean Euskadi Irratian.

Fernandezek adierazi du bisita berak eskatu zuela, ez Rafa Diezek. "Eusko Jaurlaritzako kide bezala eskatu nuen bisita. Hizketan normaltasun osoz ari ginela, bat-batean, funtzionario bat hurbildu zitzaidan eta ni hartzen ari nintzen oharrak eskatu zizkidan. Ezetz esan nion, Jaurlaritzako ordezkaria nintzela eta duintasun instituzionalagatik ez nizkiola dokumentuak emango. Neuk eten nuen bisita", zehaztu du.

Espetxe Zuzendaritzak esan duenez, LABeko buruzagi ohiak "dokumentu politiko bat" erakutsi zion kristalaz bestaldetik. Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, baina, ukatu egin du hori. Rafa Diezek erakutsi ziona "bere iritzia hobeto agertzeko bi eskema" baino izan zirela argitu du. Horri "dokumentu politikoa" deitzea "manipulazioa" dela gaineratu du. "Dena dela, zergatik ez zizkidan eduki politikoak erakutsi behar?", galdetu du.

Fernandezen irudiko, "larriena Barne Ministerioak eta Espetxe Zuzendaritzak erakutsi duten errespetu falta izan da, gauza hauek ez direlako modu honetan zabaltzen".

"Mundu guztiarekin hitz egingo dugu"

Eusko Jaurlaritzak "mundu guztiarekin hitz egiten jarraituko du", nabarmendu du Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, "hitz egitea bizikidetzarako oinarria" delako. Horrelako urratsak, orain arte bezala, "diskrezioz" emango dituztela gaineratu du.

Barne Ministerioaren jarrera gogor gaitzetsi du Fernandezek. Jaurlaritzako kidearen ustez, "horrelako estrategiek harremanak gaiztotzeko balio dute, ez beste ezertarako". "Barne Ministerioarekin diskrezioz lan serio bat egiten ahalegintzen garen arren, oso zaila da. Jasotzen ditugun erantzunak beti horrelakoak dira, atzokoa bezalakoak", adierazi du.

Presoei egindako bisitetan jasotzen dituen mezuen inguruan galdetuta, "ez legoke ondo" berak "bozeramaile lanak" egitea, erantzun du Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak. "Ni entzutera joaten naiz, eta gure politikak agertzera. Beraiei dagokie euren iritzia zabaltzea", esan du.

Sei urteko kartzela-zigorra

Atzo, 10:30ean hasi zen bisita, El Duesoko kartzelan. Hizketaldia grabatzen ari ziren, eta presoak eta bisitariak bazuten horren berri. Espetxe Zuzendaritzak atzo zabaldutakoaren arabera, une batean, Usabiagak paper bat erakutsi zion kristalaren beste aldetik, eta hori "debekatuta" dago. Espetxeko iturrien esanetan, "elkarrizketa politikoa izan zen erabat", eta paperean eduki politikoak zeuden idatzita.

Rafa Diez sei urte eta erdiko kartzela-zigorra betetzen ari da, Arnaldo Otegirekin batera eta Bateraguneren bitartez Batasuna berriro eraikitzen saiatzea leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea