Politika -

Ustezko irregulartasunak

PP: 'Ez dago San Antonio auzirik, dena legearen araberakoa izan zen'

Javier Maroto alkateak egindako “kudeaketa ekonomikoa zikindu nahi” izatea egotzi die Oyarzabalek Gasteizko oposizioko alderdiei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal Arabako PPko hauteskunde-kanpainako zuzendariak adierazi duenez, “ez dago San Antonio auzirik”, eta oposizioko taldeei gai horrekin “nahaspilatzen saiatzea” egotzi die.

Espainiako Herri Kontuen Auzitegiak milioi erdi euroko fidantza jarri die Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohiari eta kargu hori zuenean bere taldeko kide zirenei, San Antonio kaleko lokal batzuk ustez modu irregularrean, zegokiena baino prezio garestiagoan, alokatu zituztelako.

Javier Maroto Gasteizko egungo alkatea ere tartean da, Alonsoren taldean zegoelako ustezko irregulartasuna egin zenean.

Marotok iragarri zuen Alfonso Alonso Osasun ministro eta alkate ohiaren taldeak ez zuela helegiterik jarriko eta euren poltsikotik ordainduko dutela milioi erdi euroko bermea.

Ikerketaren arabera, 6 milioi euroan alokatu zituzten San Antonio kalean dauden lokalak, 20 urterako, kontratu blindatu baten bidez. Gasteizko orduko Udalak Gonzalo Anton enpresaburu ezagunari alokatu zizkion, ondoren udal-bulegoak jartzeko. Antonek 2,7 milioi euroan erosi zuen lokala urtebete lehenago.

‘De Miguel auziaz’ hitz egiteko agerraldi batean Oyarzabalek esan duenez, San Antonio alokairuen aferak “ez du zerikusirik De Miguel auziarekin”.

“Dena legearen araberakoa izan zen”, adierazi du. Horrez gain, Javier Maroto egungo alkateak egindako “kudeaketa ekonomikoa zikindu nahi” izatea egotzi die oposizioko alderdiei. Aitzitik, EAJrekin lotura duten ustelkeria kasuetan, jeltzaleek “beste aldera begiratzen dute”, gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala