Politika -
Elkarrizketa
'EAJk modu eredugarrian erantzun zion De Miguel auziari 2010ean'
Lehendakariak ogoratu duenez, auziaren berri izan zuten unean, inputatuei alderdiaren txartela bueltatzeko eskatu zieten.
Erredakzioa
EAJk modu “eredugarrian” erantzun zion ‘De Miguel auziari’ orain bost urte, bai arlo “politikoan” eta baita “instituzionalean” ere, Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz.
Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, auzi horretan epaileak inputatu dituen 26 pertsonen inguruan aritu da Urkullu. Inputatuen artean, EAJko goi-kargudun eta buruzagi ohi batzuk daude. Gogoratu duenez, auziaren berri izan zuten unean bertan, 2010. urtean, pertsona horiei guztiei alderdiaren txartela eskatzea erabaki zuen EAJko zuzendaritzak, “auzi horrek EAJrekin harremanik ez zeukala garbi uzteko”.
Berehala, 'De Miguel auziak' bere alderdiarekin izan zezakeen lotura hura ezabatu nahi izan zuen lehendakariak. Hala ere, hartutako erabakia “mingarria” izan zela gaineratu du.
Hortaz, jeltzaleak modu “eredugarrian” erantzun zutela azpimarratu du Jaurlaritzako buruzagiak. Alfredo De Miguelek diputatu izateari uko egin ziola eta Xabier Agirre orduan diputatu nagusia zenak jarrera “argia” erakutsi zuela nabarmendu du. “Arabako Foru Aldundiaren ohorea babesteko eta defendatzeko jarrera irmoa izan zuen Agirrek”.
Politikaren “judizializazioa” eta justiziaren “politizazioa” deitoratu ditu lehendakariak. “Salatutako hainbat auzitan EAJ inplikatzen saiatu dira, baina, horietatik guztietatik zenbat artxibatu dituzte?”, galdetu du. Zenbait alderdi politikok, epaitegietan jarritako salaketaz gain, Legebiltzarreko ikerketa batzordeak “ekimen politiko zehatz bat” lortzeko erabili egiten dituztela adierazi du Urkulluk.
“Hau errealitate bat da. Egin dezakedan gauza bakarra, errugabetasun presuntzioa aldarrikatzea da”, gaineratu du.
Azkenik, egunkarietako gaurko titularretan “nobedaderik” dagoen ere galdetu du Urkulluk, orain bost urte agertu zirenekin alderatuz.
Ertzaintzako sindikatuak
Bestalde, euren aldarrikapenetan “errealismoa eta proportzionaltasuna” aplikatzeko eskatu die Urkulluk Ertzaintzako sindikatuei. Horrez gain, negoziazio bileretara joatea ere proposatu die, aldarrikapen guztiak “negoziatu daitezkeela” argudiatuz.
Funtzionario publikoak diren heinean, lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko eskubidea dutela nabarmendu du lehendakariak baina, era berean, “errealismoa eta proportzionaltasuna” gordetzeko eskatu die.
Manifestazioak edota protestak egiterako orduan “gainditu ezin diren marra gorri batzuk” badaudela azpimarratu du, bai arlo pertsonalean eta baita instituzionalean ere. “Eta zerbitzari publiko batzuek gainditu egin dituzte marra gorri horiek”, gaineratu du.
“Lehendakaria izateaz gain, pertsona ere banaiz. Nire bizitza pribatuko atal batzuk publiko egin ditu sindikatu batek, aldarrikapen batzuen mesedetan”, salatu du.
Horrez gain, Ertzaintzako sindikatuek lehendakariari eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari egindako “escracheak” ere gogor kritikatu ditu.