Politika -

Jaurlaritzaren Soziometroa

Bizkaian eta Araban EAJk irabaziko luke; Gipuzkoan, EH Bilduk

EAEko hiriburuetako datuei dagokienez, aurreikuspenen arabera, EAJk gehiengoa lortuko du Bilbon eta Donostian. Gasteizen, Javier Marotok (PP) aginteari eutsiko dio.

Rementeriak eta Gonzalezek (EAJ) eta Olanok (EH Bildu) irabaziko lukete Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
EAJ garaile Bizkaian eta Araban; EH Bildu Gipuzkoan

1:43

I.GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal eta foru hauteskundeak gaur egingo balira, EAJ nagusituko litzateke Bizkaian eta Araban, eta EH Bildu, Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak otsailean egindako Soziometroaren arabera. Ahal Dugu alderdia indarrez sartuko da, eta, ondorioz, EAEko lau alderdi handiek babesa galduko dute, betiere galdeketa horren arabera.

EAEko hiriburuetako datuei dagokienez, aurreikuspenen arabera, EAJk gehiengoa lortuko du Bilbon, eta azken lau urteotan EH Bilduren esku egon den Donostiako Udala ere eskuratuko du. Gasteizen, Javier Maroto PPko hautagaiak berriz irabaziko du. Inkesta horren arabera, Ahal Dugu bigarren indarra izango da Bilbon eta bosgarrena, Donostian eta Gasteizen.

Jaurlaritzak kaleratutako inkestan ageri denez, EAJ izango da garaile Bizkaian, botoen % 34 eskuratuta. EH Bildu izango da bigarrena (% 20,50). Sei puntura geratuko dira Ahal Dugu (% 14,5) eta PSE-EE (% 14), eta 11ra, PP (% 9,5). Ezker Batuak eta UPyDk botoen % 2 eta % 1 lortuko dituzte, hurrenez hurren. Ahal Duguk lortutako babesak eragina izango du gainerako lau alderdi handien emaitzetan. 2011ko foru hauteskundeetan, botoen % 37,22ko babesa izan zuten jeltzaleek; % 23,73koa, EH Bilduk; % 16,68koa, sozialistek, eta % 13,79koa, PPk.

Gipuzkoako emaitzei dagokienez, EH Bildu gailenduko da, botoen % 29,5 eskuratuta; bi puntura geratuko da EAJ (% 27,5), eta atzetik, nabarmen, PSE-EE (% 14), Ahal Dugu (%13,5) eta PP (% 8,5). Bizkaiko kasuan bezala, babes txikiagoa lortuko dute EBk (% 2) eta UPyDk (% 1). Orain dela lau urteko hauteskundeetan, EH Bilduk gehiengo argia lortu zuen (% 39,6), eta EAJ (% 23,52), PSE-EE (% 17,17) eta PP (% 10,03) atzetik nahiko urrun geratu ziren orduan.

Soziometroaren arabera, Arabako Foru Aldundian izango da botere aldaketa bakarra, EAJk irabaziko baititu hauteskundeak, botoen % 21 eskuratuta eta PPri puntu erdia aterata (% 20,5). EH Bildu izango da hirugarren indarra, boto-emaileen % 19,5eko babesa lortuta. Ahal Dugu, PSE-EE eta UPyD (botoen % 15, % 14,5 eta % 3, hurrenez hurren) alderdiek osatuko dituzte Batzar Nagusiak. Ezker Batuak botoen % 1,5 eskuratuko ditu. PP izan zen 2011n alderdirik bozkatuena (% 25,96), EAJ (% 23,72), EH Bildu (% 23,68) eta PSE-EE (% 16,31) atzetik zituela.

Emaitzak, hiriburuetan

Iñaki Azkunak 2011n erdietsi zuen gehiengo osoa (botoen % 44,12) errepikatzea lortuko ez badu ere, Juan Maria Aburto EAJren hautagaiak garaipen erosoa (botoen % 36) eskuratuko du Bilbon. Ahal Dugu bigarren indarra izango da (% 16), EH Bilduri leku hori kenduta (% 14). Atzetik geratuko dira Alderdi Popularra (% 13,5) eta PSE-EE (% 11,5). Botoen % 3 lortuko ditu Ezker Batuak, eta botoen % 1, berriz, UPyDk.

Donostian, Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu) ezingo dio aginteari eutsi, EAJ izango baita alderdi bozkatuena. Jeltzaleek botoen % 24,8 lortuko dituzte, eta koalizio abertzaleak, botoen % 22,7, betiere Soziometroaren arabera. PSE-EE (% 17) eta PP (% 15) izango dira hirugarren eta laugarren indarrak. Ahal Duguk botoen % 12,5 eskuratuko ditu Gipuzkoako hiriburuan, eta nabarmen beherago geratuko dira EB (% 2,5) eta UPyD (% 1).

Gasteizen, Javier Maroto hautagai popularrak jasoko ditu babes gehien (% 20,5). EAJ eta EH Bildu paretsu geratuko dira, biak ala biak botoen % 19 eskuratuta. PSE-EEk eta Ahal Duguk ere ordezkaritza lortuko dute Arabako hiriburuan (% 16,5 eta % 14,5, hurrenez hurren). Askoz txikiagoa izango da EBk (% 3,5) eta UPyDk (% 2,5) lortuko duten babesa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala albisteak EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Bizkaia