Politika -

Larunbatean Madrilen

Soziedad Alkoholikak Madrilen eman behar zuen kontzertua debekatu dute

Udalak hartu du erabakia, Udaltzaingoak emanaldi horren ondorioz ordena publikoa arriskuan egon litekeela ohartarazi ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Udalak debekatu egin du Soziedad Alkoholika (S.A.) talde gasteiztarrak larunbatean Madrilgo Vistalegre Jauregian ematekoa zuen kontzertua, musika taldeak udal gobernuaren jakinarazpena jaso ondoren berri eman duenez. Espainiako hiriburuko Udala Udaltzaingoaren txostenean oinarritu da erabakia hartzeko. Txosten horrek dio emanaldiak arriskuan jar lezakeela ordena publikoa.

Taldeak salatu duenez, "azken 5 urteotan Madrilen jotzeko dozena erdi ahalegin egin ostean, zentsura ezarri digute kontzertua baino astebete lehenago".

"13 urte igaro dira atsedenik gabe akusazioak eta jazarpena egiten hasi zirenetik. Denbora berbera igaro da edozein gatazka konpontzeko indarkeria mota ororen kontra argi eta garbi agertu ginen momentutik. 9 urte igaro dira jada biktimak umiliatzea leporatuta epaituak eta absolbituak izan ginenetik, baina Madrilgo Gobernuarentzat oinarrizkoa da gure eskubideak urratzea", salatu du musika taldeak Facebookeko kontuan.

Kontzertua hilaren 14an izan behar zen, 19:30ean, Madrilgo Vistalegre Jauregian. Lehenago ere debekatu izan dituzte taldearen emanaldiak AVTren protestengatik.

Cristina CIfuentes Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak Soziedad Alkoholika (S.A.) talde gasteiztarrak larunbatean Madrilen eman behar duen kontzertua debekatu ala ez aztertzeko eskatu dio Fiskaltzari, terrorismoa goratzeko arriskua dagoelakoan.

Ordezkaritzatik jakitera eman dutenez, Cifuentesek idatzi ofiziala helarazi dio Manuel Moix Madrilgo fiskal nagusiari, emanaldia bertan behera uzteko aukera azter dezan; izan ere, duela urte batzuk Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) terrorismoa goratzeagatik salatu zuen taldea, baina epaileak absolbitu egin zuen.

Gainera, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen absoluzioa 2007an, abestiek "gizartearen errefusa" merezi badute ere, "adierazpen askatasuna zilegitasunez" erabili dutelakoan.

Hori horrela, Gorenak atzera bota zuen AVTk jarritako helegitea. Auzitegi Nazionalak 2006an absolbitu zituen Soziedad Alkoholikako bost kideak eta horien ordezkaria, hitzetan ez dituztela biktimak gutxiesten argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hurrengo kontzertuak Euskal musika bideoak Musika