Politika -

Kutxabank auzia

Berriz atzeratu dute Fernandezen eta Cabiecesen deklarazioa

Kutxabankeko presidente ohiak eta Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiak apirilaren 16an deklaratuko dute, inputatu gisa.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. EFE
Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. EFE
Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiak apirilaren 16an deklaratuko dute, inputatu gisa, EAEko Auzitegi Nagusiak berriz atzeratu baitu horien agerraldia. Egun horretan bertan, Rafael Alcorta abokatuak ere deklaratuko du inputatu bezala.

Hirurak Kutxabank auzian daude inputatuta, hau da, finantza-erakundeak Cabiecesi ustez egindako ordainketa irregularrak argitzeko auzian.

Ana Isabel Alvarez Bilboko 4. Instrukzio Epaitegiko buruak martxoaren 12ra deitu zituen deklaratzera hasieran. Harrezkero, baina, bitan atzeratu du agerraldia: apirilaren 9ra, lehenengo, eta hilabete horretako 16ra, orain.

Hurrengo egunean, apirilaren 17an, lekuko gisa deklaratuko dute Fernando Lopez de Eguilaz Kutxabankeko Giza Balibideen zuzendariak eta Roberto Moll Kudeaketaren Kontrol Arloko zuzendariak.

Epailearen arabera, hiru delitu zantzu egon litezkeela ondoriozta daiteke ikerketan: bidegabeko administrazioa, diruaz bidegabe jabetu izana eta merkataritza agiriak faltsutu izana.

Auziaren sorburua

Prozesu judiziala abian jarri duen salaketa Kutxabankek berak jarri zuen, Mario Fernandez presidente zen garaian erakundeak Cabiecesi ordainketa irregularrak egin zizkiolako.

Fernandezen hitzetan, "PPko buruzagi batek" Cabicesi "irtenbide bat" ematea eskatu zion, "idatzita ez dagoen legea" baita terrorismoaren aurkako borrokarekin lotura izan dutenei enplegua ematea.

Kargua utzi eta gero, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidente berriak ordainketen berri jaso zuela ohartarazi zion Fernandezi, eta horrek bere poltsikotik jarri zuen dirua.

Bankua ez da auzian pertsonatu, kalte ekonomikorik jaso ez duela argudiatuta, baina epaileak Fiskaltzak eskatuta abiatu du ikerketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak