Politika -
Radio Euskadi
Ustelkeria kasuak 'puztea' egotzi dio Ortuzarrek oposizioari
EH Bilduk larunbatean BECen egin zuen ekitaldi politikoa ere izan du hizpide. Ezker abertzaleak 'egindako mina aitortzeko aukera galdu' zuela uste du buruzagi jeltzaleak.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak berriro esan du bere alderdiak ez zuela Kutxabanken eta Mikel Cabieces sozialistaren arteko loturaren inolako berririk. Kasu hau eta Bankia alderatzea, Ortuzarren iritzian, "inora ez doan gehiegikeria da". Horren atzean, finantza-erakundearen lana zalantzan jartzeko interesa baino ez du ikusten EBBko buruak.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Ortuzarrek aitortu du Euskadi ez dela "oasi edo burbuila bat", eta, beraz, "ustelkeria kasuak egon egongo direla". Horren hitzetan, baina, kasuak nola neurtzen diren da kontua; hau da, salatzen diren kasuetatik zenbat dauden "bizirik" eta erakundeetatik kasu horiei zein erantzun eman zaien.
"Madrilen eta Euskadin ustelkeria kasuei aurre egiteko moduan dagoen aldea nabarmena da, baita batean eta bestean jazo diren kasuen kopurua eta neurria ere", zehaztu du. Euskadin egoera "egonkorra" dela azpimarratu du Ortuzarrek, "batzuek egonkortasun hori zalantzan jarri nahi duten arren".
"Zabaltzen denaren zati handi bat puztuta dago, modu artifizialean arazoak sortzeko eta horien eraginak handitzeko ahaleginak dira. Gu ez gara amarru horretan eroriko", esan du. Ortuzarren ustez, Espainiako bi alderdi nagusiak "krisi sakon batean daude, euskal politikagintzan lekua bilatu ezinda". "Noraezean dabiltza eta, euren kokalekua bilatu beharrean, gainerakoak astintzea da euren lana", esan du.
"Aukera galdua"
Bestalde, EH Bilduk larunbatean BECen egin zuen ekitaldi politikoa ere izan du hizpide Ortuzarrek. Ezker abertzaleak "egindako mina aitortzeko aukera galdu" zuela uste du buruzagi jeltzaleak. "Etxeko lanak ez dituztela egin, eta arreta beste nonbaitera bideratu nahian dabiltzala agerikoa da", esan du.
"Bakearekin eta elkarbizitzarekin lotutako guztia kontrako eztarrira joaten zaio ezker abertzaleari. Horregatik, gurdia idien aurretik jartzen du, tranpa egiten du", erantsi du.
EAJrentzat lehentasunak zeintzuk diren ere zehaztu du: "krisitik ateratzea eta enplegua sortzea, bakea eta armagabetzea, eta, azkenik, Euskal Herrirako estatus berria adostea".
"Lehendaria pazientzia handiko pertsona da"
Ertzaintzako sindikatuak azken asteotan egiten ari diren protesten harira, Ortuzarrek esan du Iñigo Urkullu lehendakariak esandakoarekin bat datorrela: "Aldarrikapenak egiteko unea eta modua ez dira egokiak izan".
ERNE, Esan, ELA, Sipe eta Euspel sindikatuak deituta, Ertzaintzako langileak protestak egiten ari dira, euren lan-baldintzak hobetzea eskatzeko. Horietako batean, Urkullu lehendakaria protestan ari zirenei zuzendu zitzaien. Ortuzarren iritzian, "lehendakaria pazientzia handiko pertsona da, akordiozalea. Beraz, protestagileei aurrez aurre erantzun badie, atzean bidegabekeria bat dagoelako izango da".