Politika -
Otegiren eskutitza
ETA 'desmilitarizatzeko' mekanismo adostu bat proposatu du Otegik
Batasuneko buruzagi ohia hala mintzatu da Sinn Feineko asanbladari igorritako eskutitz batean.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagi ohiak mekanismo adostua proposatu du ETAk, epe motzean, armak erretiratzeko eta "desmilitarizatzeko". Halaber, presoak garaiz askatzeko egitasmo bat eta biktima guztien aitorpena eta balioztatzea jasoko duen plana ere beharrezko ikusten ditu.
Sinn Feinn alderdia Derry hirian egiten ari den kongresura (Ard Fheis) gutun bat bidali du Otegik eta bertan, epe laburrean, bake prozesua bultzatzeko jorratu beharreko gakoak aipatzen ditu.
Zeregin horiek garatzeko eta gatazka konpontzeko, alabaina, nazioarteko komunitatearen babesa beharrezkoa dela nabarmendu du. Gainera, bakearen bila ari diren eragileei "etenik gabe" ekimen politikoak egiteko dei egin die.
Gatazkaren konponbidearen bidean, Madrildik inolako gerturatzerik espero ez duela azpimarratu ostean, erabakitzeko eskubidea eszena politikoaren erdigunera eramateko garaia dela azaldu du.