Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

'PPren aroa amaitu da, EAJrekin Araba EAEko buru izango da berriz'

Jeltzaleek Arabako Batzar Nagusietarako zerrenda aurkeztu dute Gasteizen eta lehendakariak ekitaldian parte hartu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak Arabako hautagaiak aurkezteko ekitaldian parte hartu du. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakariak Arabako hautagaiak aurkezteko ekitaldian parte hartu du. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkulluren ustez, amaitu da Araban Alderdi Popularraren garaia

0:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur ohartarazi duenez, amaitu da PPren aroa Araban eta sinetsita dago EAJrekin, Araba Euskadiko buru izango dela berriz ere eta "abangoardia" izaera berreskuratuko duela.

Jeltzaleek Arabako Batzar Nagusietarako zerrenda aurkeztu dute gaur Gasteizen, Ramiro Gonzalez buru duena, eta lehendakariak ekitaldian parte hartu du.

Lehendakariak bere babesa eskaini dio Gonzalezi eta haren taldeari, eta Arabak hazteko aldaketa bat behar duela nabarmendu du.

Urkulluk adierazi duenez, Alderdi Popularrak ez dauka inolako konpromisorik Arabarekin eta gogorarazi du azpiegituretan egin diren lan nagusiak "Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta finantzatu" dituela.

Bestalde, PPk duela lau urte egindako promesak hizpide izan ditu. Salatu duenez, popularrek hainbat kontu agindu zituzten, baina gero ez dute esandakoa bete: zergak jaitsi beharrean igo egin dituzte, ez dituzte AHTren lanak amaitu, ez dituzte Arabako inbertsioak handitu, Forondako aireportuaren eta trena lurperatzearen kontra agertu dira eta Arasur proiektu logistikoa moteldu dute. Gaineratu duenez, Araban proiektuak atzeratzen eta luzatzen dituzten bitartean, "Zaragozan eta Burgosen inbertsioak egin dituzte".

Trebiñuren auziari dagokionez, lehendakariak konpromiso falta leporatu dio Alderdi Popularrari. Lehendakariak iragarri du Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin bilera egingo duela datorren ostiralean Trebiñuren auziaz eta Trebiñu Araban batzeko aukeraz hitz egiteko.

Elkarbizitzaren alorrean, ireki den garai berriko aukerak ez onartzea egotzi dio PPri eta Gasteizen kokatuko den Biktimen Memoriaren lanak oraindik hasi gabe daudela azpìmarratu du.

Urkullu minduta agertu da azken aldian Gasteiz hiriaz ematen ari diren irudi "negatibo eta makurra"gatik  eta Gasteiz elkartasunaren sinonimo dela nabarmendu du. "Gasteizen eta Arabaren izen ona berreskuratu behar dira", amaitu du.

Bestalde, Ramiro Gonzalez EAJren Arabako ahaldun nagusigaiak esan du hurrengo legegintzaldia garrantzitsua dela Arabarentzat eta lurraldea "lozorro" egoeratik ateratzeko konpromisoa hartu du. Haren esanetan, azken lau urtean Araba "atzean" gelditu da popularren ekimen eta iniziatiba ezaren ondorioz. Iragarri duenez, EAJk Araban agintzen badu, ekonomia hobetzeko eta langabezia jaisteko lan egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Urkullu albisteak Araba Udal eta Foru hauteskundeak 2015