Politika -
Immigrazioa
Marotok etorkin ilegalen kontrako 'neurriak' eskatu dizkio Rajoyri
Gasteizko alkateak aitortu du Espainiako Administrazioko "arduradun askori" eskatu diela "ahoz" neurriak hartzea.
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak aitortu du Espainiako Administrazioko "arduradun askori" eskatu diela Arabako hiriburuan dauden legez kanpoko etorkinen kontra neurriak hartzeko.
Marotok agerraldia egin du Udal Laguntza Sozialei buruzko Batzorde Berezian, eta Patxi Lazcoz sozialisten bozeramailearen galderei erantzutean baieztatu du eskaria.
Bozeramaile sozialistak alkateari galdetu dio ea Gasteizen "egoera irregularrean" dauden etorkinen kontra "neurriak hartzeko" eskaririk egin dion Espainiako Administrazioari idatziz.
Marotok azaldu du idatzirik ez duela aurkeztu, baina Espainiako Gobernuko "arduradun askori" eskatu diela "ahoz hainbat une eta lekutan".
EH Bilduren kritikak
Bestalde, EH Bilduk Maroto kritikatu du, eta esan du gaur hatz-marka digitala eskatzen duela laguntza sozialetarako, eta bihar "izardun besokoa" eskatuko duela etorkinentzat, naziek juduei jartzen zieten bereizgarriari erreferentzia eginez.
Kike Fernandez de Pinedo koalizio abertzalearen bozeramaileak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Marotok "herritar guztien alkate izateko beste aukera bat galdu du" proposamenarekin.