Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Toña: 'Aitzoli egiten dizkiogun bisitak familiako kontuak dira'
Sailburu izendatuko zutela jakin eta berehala eman zion Iñigo Urkullu lehendakariari bisita horien berri, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez.
Erredakzioa
Aitzol Etxaburu ETAko presoari bi hilean behin egiten dizkion bisitak "esparru pertsonaleko kontu pribatuak" direla adierazi du gaur Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berriak.
Sailburuaren esanetan, Aitzol Etxabururen gurasoak hil zirenean, presoaren eta horren anai-arreben ardura bere gain hartu zuten Toñak eta emazteak.
Sailburu izendatuko zutela jakin eta berehala eman zion Iñigo Urkullu lehendakariari horren berri, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez. “Jaurlaritzan arituko nintzela jakin nuenean, lehendakariari berehala eman nion horren berri. Urtean sei aldiz joaten gara Aitzol bisitatzera, bi hilean behin, haren gurasoak hil zirenetik. Hasieran, Aitzolen anai-arreben ardura hartu genuen geure gain, eta, ondoren, Aitzolena ere hartu genuen. Zergatik ez? Tratu berdina eman behar genion. Aitzolek berak eskatu zituen bisitak, eta, baiezkoa eman ziotenean, han agertu ginen. Ordutik, bi hilean behin ikusten dugu elkar”, azaldu du.
Gaia “pertsonala eta familiartekoa” dela berretsi du.
“Harremana Aitzolekin daukat, ez berak mundu horretan egiten zuenarekin”, gaineratu du. “Poliziak eta kazetariek esaten dutenetik kanpo geratu behar naiz. Hala ere, erreakzioak izango dira, eta batzuek gaiari helduko diote, baina, nire egoeran egonda, zer egingo luketen galdetuko nieke pertsona horiei. Nire ustez, % 99ek gauza bera egingo lukete”, azaldu du.