Politika -

Kontrol Saioa

Hiriko auzian errugabetasun-presuntzioa errespetatzea eskatu du Tapiak

Bestalde, Angel Toña Enplegu sailburu berriak emandako azalpenak “nahikoak” izan direla adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Hirikok legez helburuak bete zituela esan du Arantza Tapiak

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzi judizial guztietan errugabetasun-presuntzioa errespetatu behar dela esan du Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak. Hiriko auzian ere aurre-juzkurik ez egiteko eskatu die oposizioko taldeei.

Jaurlaritza ez da auzi honetan pertsonatuko, ibilgailu elektrikoaren egitasmoak “bete egin zituelako” diru-laguntzak jasotzeko helburuak, sailburuaren esanetan. Guztira, 2,7 milioi euro bideratu zituen Jaurlaritzak proiektu horretara. Espainiako Gobernua, berriz, bai pertsonatuko da auzi horretan; izan ere, 14,7 milioi euro bideratu zituen egitasmo horretara.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Gorka Maneiro UPyDko ordezkariak adierazi du Hiriko auzia “beste ustelkeria kasu bat” dela, “diru-publikoa EAJren kide jakin batzuen mesedetara erabili baitzen”.

Gasteizko epaile batek tramitera onartu du Arabako Fiskaltzak Hiriko auziaren inguruan jarritako kereila. Sei enpresabururen eta Afipaida elkartearen aurkako salaketa da.

Tapiaren arabera, beste kereila askoren atzean “ez da ezer egon”. “Oraindik ez da ezer frogatu; hortaz, ez ditzagun aurrez aurreko epaiketak egin”, gaineratu du.

Candy Hoover-en egoera

Bergarako Candy enpresak proiektu industrial berri bat izatea ez du Jaurlaritzak oztopatuko, Tapiaren hitzetan. Hala ere, irtenbidea lortzeko epea "oso mugatua" dela ohartarazi du sailburuak.

Candyko zuzendaritzarekin eta langileekin akordioa itxi zuela iragarri zuen ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bergarako lantokian inbertsore berri batek egitasmo berri bat martxan jartzea ahalbideratuko lukeena.

Toñaren azalpenak, "nahikoak"

Bestalde, Angel Toña Enplegu sailburu berriak emandako azalpenak “nahikoak” izan direla adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Jaurlaritzako Batzorde Etikoak adierazitakoarekin bat dator, beraz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea