Politika -
Memoria historikoa
Udalbatza frankistek emandako sari guztiak atzera botako ditu Bilbok
Horrela, 500 domina, titulu edo sari baino gehiago baliogabe utziko ditu Udalak. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk proposamenari babesa eman diote. PPk, ostera, aurkako botoa eman du.
Erredakzioa
1937tik, gerra zibiletik, 1979ra arte udal-gobernu frankistek emandako 500 domina, titulu edo sari baino gehiago atzera botatzea adostu du gaur Bilboko Udalbatzak.
Akordioaren aurka PP soilik agertu da eta EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk babesa eman diote. Sariak baliogabe utzi eta gero, merezi duten pertsonei dominak edo tituluak berriz emateko aukera aztertzea adostu dute taldeek.
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak proposamena defendatu du Udalbatzan. Bestalde, “diktadura frankistari lagundu” zioten enpresaburuen eta politikarien izenak Bilboko kaleetatik kentzeko eskatu du Ibaibarriagak. Era berean, “gerra zibileko martirien” izenak desagertzea eskatu du ezker abertzaleko zinegotziak.
Hala ere, EH Bilduren bi proposamen horiek ez onartzea erabaki du EAJk. Jeltzaleek gehiengo absolutua dute Udalbatzan. Kale bati izena kendu baino lehen, berriz izendatzeko deitura bat prest izatea beharrezkoa dela uste du Gobernuak, bestela kalea izen barik geratuko litzateke.
EH Bilduk zehaztu duenez, 1937ko ekainetik 1979ko apirilera arte urrezko 57 domina, zilarrezko 29, brontzezko 427, hiriko seme-alaba kutun hiru izendapen, bost adopzio-titulu eta ohorezko alkate bat izendatu edo banatu zituzten udal-gobernu frankistek. 2001eko udalbatza batean 20 sari soilik atzera bota zituzten.