Politika -
Katalunia
Konstituzionalak baliogabetu egin du Kataluniako kontsulta
Deialdia egiteko erabilitako kontsulta legea ere baliogabe utzi du auzitegiak.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak Katalunian azaroaren 9an egindako kontsulta independentista behin betiko baliogabetu du gaur, Konstituzioaren aurkakoa zela argudiatuta.
Erreferenduma bera ez ezik, deialdia egiteko erabilitako kontsulten lege autonomikoa ere baliogabetu du auzitegiak.
Konstituzionaleko epaileek bilera egin dute gaur goizean, Espainiako Gobernuaren helegiteei arrazoia ematen dieten epaien oinarri juridikoak adosteko.
Exekutiboaren helegiteak onartuta, Kataluniako kontsulta baliogabetuta geratu zen automatikoki, baina bost hilabetez. Epea egunotan bukatzen da, eta, horrenbestez, behin betiko erabakia hartzeko bildu dira magistratuak.
Kataluniak ezin du oro har kontsultarik deitu
Auzitegiaren arabera, Kataluniak ezin du oro har kontsultarik deitu, ezta erreferendumak ere. Epaiak azaldu duenez, deialdia erreferenduma zela zehazten zuen baliogabe utzitako arauak. Erreferendumak deitzeko eskumena Estatuak duela azaldu du Konstituzionalak.
Aztertutako legeak ?benetako erreferendum bat arautzen du?, Konstituzionalaren sententziak adierazi duenez.
Era berean, deialdi dekretuak ?arauaren urraketa berdinak? egin dituela esan du Konstituzionalak.
Nahiz eta azaroaren 9ko kontsulta deialdia baliogabe utzi, Katalunian aurrera eraman zuten ?parte-hartze prozesua? ez du espresuki aztertu Auzitegi Konstituzionalak gaur.
Gainera, gaurko sententziak ez dio beste mota bateko kontsulta bati ateak itxi Katalunian, beti ere Konstituzioak erreferendumtzat jotzen duena ez den kasuetan.
Hauteskundeen "bide bakarra" uzten dietela uste du Masek
Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ostean, ?legezko bide demokratiko? bakarra geratzen zaiela uste du Artur Mas Kataluniako presidenteak. Irailaren 27ko hauteskundeak kontsulta egiteko ?bide bakarra? direla uste du Masek. Presidentearen ahotan, Kataluniak ?amore ematea eta desegitea? nahi du Estatuak.
Estatutu berri bat baztertu du Masek, azkenaren murrizketa oraindik ?pairatzen? ari direlako. Itun fiskala ere baztertu du, dagoeneko ?saiatu zirelako?. Azkenik, Konstituzioaren erreforma bat ere ez du zilegi ikusten buruzagiak, Kataluniak bakarka nahikoa ?indarrik ez duelako?.