Politika -
Patxi Lopezi erantzuna
Cabieces: 'Sarrera handiagoak dituen baten leziorik ez dut onartuko'
Horrela, Patxi Lopez lehendakariaren adierazpenei erantzun die Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak. Kutxabankek Cabiecesi ustez ordaindutakoa “onargarria ez” dela esan zuen Lopezek iragan igandean.
Erredakzioa
Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak eta PSE-EEko militante ohiak Patxi Lopez lehendakari sozialistari erantzun dio gaur. "Euren familietan diru-sarrera handiagoak dituztenen edo iraganean lana zein arduraldia frogatzerik ez dutenen leziorik" ez duela onartuko adierazi du Cabiecesek.
Cabiecesen agiri bat argitaratu du gaur El Correo egunkariak. Kutxabankek Cabiecesi ustez ordaindutakoa, antza denez, 6.000 euro hilean, "onargarria ez" dela esan zuen Patxi Lopez PSOEren Harreman Politikoetarako idazkariak iragan igandean.
Cabiecesen hitzetan, Lopez "gaia ezagutu gabe" hitz egiten ari da. Gainera, Lopezen familiaren diru-sarrerak handiagoak direla aurpegiratu dio Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak.
"Inguruko gertakarien aurrean, isilik"
"Inguruko gertakarien aurrean Lopez isilik" mantendu zela salatu du Cabiecesek. "Seguru gertakariak ezagutzen zituela, eta isildu egin denez, onargarriak ziren, antza", adierazi du Melchor Gil Loprezen koinatuari erreferentzia eginez. Gilek iruzur salaketa batengatik deklaratu behar izan zuen. Azkenik, salaketa artxibatu zuten.
Kutxabankek "aldi baterako" eskaini zion lanpostua "autonomo gisa" onartzea bere "bekatu bakarra" izan dela azpimarratu du Gobernuaren ordezkari ohiak. Azken batean, "bere garaian politikan sartzeko utzi zuen" lanbideari, abokatua izateari, berriz ekiteko erabakia hartu zuela erantsi du.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia prentsaurrekoan, Bilbon. Argazkia: EFE
Mendia: "Egin behar zuena ez egiteko eskatu nion"
Agiria ez bidaltzeko eskatu zion bart Idoia Mendiak Cabiecesi, PSE-EEko idazkari nagusiak gaur jakitera eman duenez. Cabicesek bart egin behar zuenaren berri eman ziola azaldu du gaur Mendiak Bilbon, prentsaurrekoan. "Egin behar zuena ez egiteko", eskatu ziola adierazi du.
Gaiaren inguruan Patxi Lopezekin hitz egin ez duela ziurtatu du EAEko sozialisten idazkari nagusiak. Hala ere, "pertsona bakoitzak nahi duena" egin dezakeela onartu du Mendiak.