Politika -

Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk Luix Barinagarrementeria proposatu du Ararteko izateko

Koalizioak kritikatu duenez, Lezertuaren proposamena EAJ, PSE eta PPren "ohiko kromo trukaketaren" ondorio da, eta zalantza handiak sortzen ditu, ezker abertzalearen ilegalizazioa "bermatu" zuelako.

luix barinagarrementeria

Luix Barinagarrementeria proposatu du EH Bilduk Ararteko izateko

01:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Luix Barinagarrementeria abokatu donostiarra proposatu du Ararteko izateko, "Euskal Herriaren eskubide nazionalen eta eskubide sozialen defentsan" egindako lanagatik, eta "herri mugimenduekin eta euskararen eta kulturaren sustapenarekin" erakutsi duen konpromisoagatik.

EH Bilduren proposamenak, hala ere, ez du Legebiltzarrean gehiengoaren babesik izango, EAJk, PSEk eta PPk dagoeneko adostu baitute Iñigo Lamarcaren tokia hartuko duena Manu Lezertua izango dela.

EAJk atzo iragarri zuen sozialistekin eta popularrekin egindako akordioa, Lezertua herriaren defendatzaile berri izan dadin. Hala, Lezertuak Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideetako 53ren babesa izango du, beharrezko hiru bostenak baino gehiago.

Julen Arzuaga eta Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkideek kritikatu dutenez, Lezertuaren proposamena EAJren, PSEren eta PPren "ohiko kromo trukaketaren" ondorio da, eta "zalantza handiak" sortzen ditu, ezker abertzalearen ilegalizazioa "bermatu" zuelako.

Koalizioaren bozeramaileen arabera, gainera, Ararteko berriaren izendapenak ez du "izen aldaketa" soilik izan behar, baizik eta "ereduaren berrikuntza".

Gogorarazi dutenez, Arartekoa osatzen duen erakundeko langileen ia erdia "goi kargudunak" dira, eta % 75ak "izendapen zuzeneko behin behineko kontratua" du. Horregatik, Lan Eskaintza Publiko bat proposatu dute, "egoera ilunak saihesteko".

UPyDk Lezertuaren agerraldia eskatu du

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, bestalde, Lezertuaren agerraldia eskatu du, bere "merituen eta gaitasunen" berri eman dezan, eta dituen "proposamenak" azal ditzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ararteko albisteak EH Bildu Gipuzkoa