Politika -
Batzorde etikoa
Toñak Enplegu sailburu gisa segituko duela erabaki du Etika batzordeak
Hala ere, Kode Etikoaren Batzordeak aitortu du “akats politikoa” izan dela ebazpenaren berri ez ematea.
Erredakzioa
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak bere karguan jarraitzeko oniritzia jaso du Eusko Jaurlaritzaren Kode Etikoaren Batzordearen partetik, konkurtso administrazio batean jaso zuen 18 hilabeteko gaitasungabetzeak ez diola karguan jarraitzea galarazten ebatzi baitu aho batez.
Hala eta guztiz ere, Batzordeak aitortu du "akats politikoa" izan dela Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren ebazpenaren berri eman ez izana.
Otsailaren 11n jaso zuen Toñak ebazpena, kargua hartu bezperan. Egun horretan bertan, Iñigo Urkullu lehendakariari azalpenak eman ostean, Kode Etikoaren Batzordearen esku utzi zuen gaitasungabetzearen inguruko informazio guztia, sailburu karguarekin bateragarria ote zen erabaki zezan.
Aipatu Batzordea Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Andres Zearreta Funtzio Publikoaren sailburuordeak, Maite Iruretagoiena Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak, Daniel Inerarity filosofoak eta Elisa Perez Vera abokatuak osatzen dute. Guztiek, aho batez, egin dute Toñak karguan jarraitzearen alde.
Alderdien erreakzioak
Kode Etikoaren Batzordeak hartutako erabakiaren harira, EH Bilduk espero du Enplegu sailburu berriak "langile guztien eskubide guztiak" babestuko dituela, "bere inhabilitazioa eragin duen kasuan ez bezala". Era berean, Eusko Jaurlaritzak orain arte abian jarritako "lan-politikak erabat aldatzeko" eskatu dio kolazio soberanistak Angel Toñari.
PSE-EEren iritzian, Toñak sailburu karguari eustea "aldez aurretik hartuta erabakia da". "Egoera honen inguruan lehendakariak duen iritzia jakin barik jarraitzen dugu; batzordearen atzean babestu da, gai honen aurrean duen jarrera azaldu behar ez izateko", erantsi dute Alderdi Sozialistako iturriek.
Laura Garrido Euskadiko PPren bozeramailearen aburuz, "ezerezean" geratu da Urkulluren Gobernuak hainbat aldiz aldarrikatu duen kode etikoa eta zuzentasuna. "Toñak karguan jarraitzea erabakita, agerian geratu da gardentasunaren aurretik irizpide politikoak gailendu direla", kritikatu du.
Juan Maria Aburto Enplegu sailburu ohiak eta EAJren Bilboko alkategaiak, berriz, Toñaren ibilbide profesionala "akatsik gabekoa" izan dela nabarmendu du eta "kontseilari on bat" izateko baldintza guztiak betetzen dituela gaineratu du.