Politika -
Adierazpen Instituzionala
Urkullu: 'ETAri zilegitasuna eman zionak, zorra du gizartearekin'
Jaurlaritzako sailburu guztiak alboan zituela, lehendakariak adierazpen instituzionala irakurri du Fernando Buesa eta Jose Ramon Recalde ETAren biktima sozialisten omenez.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "ETAren terrorismoa zilegitzat" eman zutenek, "zor politikoa" dutela gizartearekin. Eragindako mina aitortzea ezinbestekoa da, lehendakariaren hitzetan, zor hori kitatzeko.
Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak alboan zituela, Urkulluk adierazpen instituzionala irakurri du Fernando Buesa eta Jose Ramon Recalde ETAren biktimen omenez. Buesa Hezkuntza sailburu ohia 2000. urtean hil zuen ETAk, eta urte horretan bertan, Recalde Hezkuntza eta Justizia sailburu izandakoa larri zauritu zuen talde armatuak.
Terrorismoak “bi pertsona zintzori eraso” egin ziela salatu du lehendakariak, “herriaren alde onenak eman zituztelako”. Senitartekoei elkartasuna adierazi die.
“Iraganari modu autokritikoan begiratu nahi diogu. Egin ez dugunaren, isilean edo berandu egin denaren gogoeta kritiko bat igorri behar dugu erakundeek eta indar politikoek”, azpimarratu du.
ETAren atentatuak “justifikatzerik ez” dagoela esan du Urkulluk. “Egitura ideologiko maltzur bateko” krimenak direla kritikatu du buruzagiak. Lehendakariaren ahotan, egileek eta “zilegi zela uste zutenek gizartearekin zor politiko bat dute: pentsamolde horren bidegabekeria onartzea, alegia”.
Buesaren eta Recalderen ibilbideak goraipatu eta gero, ETAren bi eraso horiek 2015ean 15 urte beteko dituztela gogorarazi du Urkulluk. “Memoria eta omenaldia behar dute Jaurlaritzako sailburu eta erakunde horretako kide sonatu izan direnek”, baita Jorge Diez Elorza ertzainak ere, azaldu duenez.
“Beraiekin, terrorismoaren biktima guztiak gogoratzen ditugu –hilketak, bahiketak, mehatxuak, estortsioa eta jazarpena-, sekula gertatu behar ez zirelako”, errepikatu du.
“Terrorismoa, bere adierazpen guztietan, indarkeria eta giza eskubideen urraketak posible izan dira, uste sendo baten defentsak duintasunak baino balioa handiagoa zuela pentsatzen zuten pertsonak eta taldeak izan direlako”, nabarmendu du.
Zentzu horretan, “etorkizunean, inoiz ez, kausa politiko edo arrazoi bat ezin daiteke balio absolutu bezala giza eskubideen, pertsonen eta bizitzaren gainetik jarri; hurkoa hil edo zauritzea, mehatxatzea, estortsioa egitea edo jazartzea, beti krudelkeria bat delako”, gaineratu du.