Politika -

Akordioa

EAJ,PSE eta PPk Manu Lezertua Ararteko proposatzeko akordioa itxi dute

Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu beharko dute ararteko berriaren izendapena. Lezertua legegilea da eta sozialisten zein popularren babesa dauka.

Manu Lezertua. Argazkia: EiTB
Manu Lezertua. Argazkia: EiTB
Manu Lezertua. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, PSE-EEk, eta PPk Manu Lezertua legegilea Ararteko izendatzeko akordioa itxi dute. Eusko Legebiltzarraren hiru bostenak babestu behar du hautagaia, baina hiru alderdien arteko akordioari esker, Legebiltzarraren babes zabala jasoko du.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak iragarri du akordioa, Eusko Legebiltzarrean gaur egin den osoko bilkuraren baitan. Azaldu duenez, sozialistekin eta popularrekin lorturiko akordio "zabala"ri esker, Arartekoak Legebiltzarraren oniritzia izateko beharrezkoak dituen 45 legebiltzarkide baino gehiagoren babesa izango du.

Modu horretan, 53 legebiltzarkidek Manu Lezertuaren aldeko botoa emango dute. Iturrateren esanetan, Arartekoaren identitatearen ezaugarri izan behar duten independentzia eta kaudimena bermatzeko adina babes izango du Ararteko berriak.

"Lezertuaren curriculuma eta ideologia eta planteamendu hain ezberdinak dituzten alderdiek babestu izana, etorkizunean arrakasta izateko nahikoa berme dira", nabarmendu du.

EH Bilduk akordiora ez batzeko hartutako erabakiaz galdetuta, Iturratek azaldu du koalizioak "beste ideia batzuk" dituela Arartekoaren postu horretarako, eta hori dela eta, "ez da beraien babesa lortzeko aukerarik izan, beraien planteamenduak beste norabide batean doazelako".

Bestalde, Iturratek Manu Lezertuaren profila hizpide izan du: "Europan lanean urte asko badaramatza ere, lan harremanak mantendu ditu Euskadirekin eta gizarte hau ezinhobeto ezagutzen du".

Iturratek adierazi duenez, Arartekoaren egituraren gainean hausnartzeko beharra helarazi diote Lezertuari, PPk eskatu bezala. EAJko legebiltzarkidearen esanetan, Lezertuak planteamendu hori jaso du eta bere proposamena Legebiltzarrean aurkezteko konpromisoa hartu du, behin kargua hartu eta toki berrian "egonkortu" ondoren.

Manu Lezertua Rodriguez 57 urteko legelari bilbotarra da. Eusko Jaurlaritzako legelaria izan zen, ia 30 urte daramatza Europako Giza Eskubideen Auzitegian lanean eta, gaur egun, Europako Kontseiluko goi mailako funtzionarioa da.

Lezertuak goi mailako funtzionario kargua uzteko borondatea adierazi beharko dio Europako Kontseiluari, baina Iturratek azaldu duenez, izapideak "denbora bat beharko dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea