Politika -

Elkarrizketa

Urkullu: 'EAJk izan du Kutxabank auzian inplikaziorik txikiena'

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidente berriaren soldataz ere hitz egin du lehendakariak. 800.000 euroko soldata duela jakitera eman dute. “Kopuru hori benetakoa denik” ez du uste Urkulluk.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EiTB
Urkullu: 'Mikel Cabiecesek ez du Kutxabankentzat zuzenean lan egin'

03:04

Eriz Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, “EAJk izan du Kutxabank auzian inplikaziorik txikiena”. “Ustelkeria kasu batez hitz egiten ari garenik ez dut uste, dena ustelkeriatzat jotzeko joera nagusitzen ari da eta politika judizializatzen  ari dira”, kritikatu du buruzagiak.

Urkullu Onda Cero irratian elkarrizketatu dute. Lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat martxan jartzearen aurka azaldu da: “Batzordeek erruduntasun presuntziotik epaitzen dute”.

Kutxabanken salaketa “salbuespen” edo kasu “puntual” bat dela esan du lehendakariak. Urkulluren esanetan, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak “ez du Kutxabankentzat zuzenean lan egin, bankuak kontratatutako abokatu-langela batentzat baizik”.

Gainera, agintariak Hiriko auzia hizpide izan du. “Justiziak hartu beharreko bidea ikusteke dago oraindik”, adierazi du. “Orokortzerik” ez dagoela esan du lehendakariak. Hala eta guztiz ere, auziak “EAEko enpresaburuen zintzotasuna” zalantzan jarriko ez duela gaineratu du.

Villalabeitiaren soldata

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidente berriaren soldata igoeraz ere hitz egin du lehendakariak. Villalabeitiak 800.000 euroko soldata duela jakitera eman dute. Fernandezek, ostera, 463.500 euro irabazten zituen. “Kopuru hori benetakoa denik” ez du uste Urkulluk.

Aurreneko informazioa “gero zehaztu” behar izan dutela gogorarazi du Urkulluk. Testuinguru honetan “gai hauekin kontu handia” izan behar dutela uste du.

800.000 euro “Eusko Jaurlaritza guztiak irabazten duena baino gehiago” dela adierazi du lehendakariak. Kutxabankeko presidentearekin hitz egiteko denborarik izan ez duela onartu du Urkulluk, baina “kopuru hori benetakoa denik” ez du uste, “gutxi geroago zehaztu behar izan dutelako”.

Iñaki de Juana Chaos

Bestalde, Iñaki de Juana Chaos ETAko kideak epaitegietan “ebatzi gabeko auziak” dituela azaldu du Urkulluk. Lehendakariaren ahotan, Justizia Ministerioak auzia “aztertu” eta “beharrezkoa baldin bada, estradizioa eskatu beharko du”.

De Juana Chaos non zegoen ez zekiela adierazi du Urkulluk. Komunikabideek Irlandara ihes egin zuela jakitera eman zutela erantsi du buruzagiak.

“ETAko beste kide ohi batzuk bezala Venezuelan agertu izana, berriketa-lekuetan dagoen zerbait da, baina frogatzerik ez dago, eta kasu honetan, ikerketa zorrotz batek De Juana Chaos topatzeko balio izan du”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu