Politika -

Osasuna, susmopean

Osasunan gertatutakoa ikertzeko eskatu dute Nafarroako alderdiek

UPNk eta PSNk "kezka eta tristura" agertu dute. Bildu, NaBai, I-E eta Geroa Bai kritikoago agertu dira, eta "eskandalagarria" dela salatu dute.

luis sabalza

Osasuna, susmopean

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intentsitate ezberdinarekin bada ere, Osasunan jazo den ustezko iruzurra ikertzeko eskatu dute gaur Nafarroako alderdiek. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, talde gorritxoaren aurreko zuzendaritzak 2,4 milioi euro atera zituen, zertan erabili zituen argitu gabe, eta horren harira, Futbol Profesionaleko Liga Osasunak partidak "erosi" ote zituen ikertzen ari da.

UPNk eta PSNk "kezka" eta "tristura" berbak erabili dituzte auziaz hitz egin dutenean. Bildu, Aralar-NaBai, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai harago joan dira, eta gertatutakoa "eskandalagarria" dela salatu dute. Taldeok azalpenak eskatu dizkiete Osasunaren zorra berrantolatzeko legea babestu zuten hiru alderdiei (UPN, PSN eta PPN).

Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak komunikabideen aurrean adierazi duenez, "argi dago argitu beharreko kontua dela, Osasunan jazo den guztia jakin behar da, eta erantzukizunen bat duten horiek erantzun beharko dute".

Gertatutakoa edozer dela ere, "klubean eraginik ez izatea" espero du Adanerok. Ingurumari honetan, Nafarroako Parlamentuak UPNren, PSNren eta PPNren botoekin aurrera ateratako legea defendatu du. "Legea onartu beharrekoa zen, Osasuna bizirik irauteko halabeharrez babestu beharrekoa", eta "batzuk dena nahasten ari dira", esan du. Nafarroako Gobernuak ere "kezka" agertu du talde gorritxoaren egoeraren aurrean.

Santos Cerdan PSNko bozeramailearen iritzian, Osasuna susmopean egotea "oso tristea da Nafarroarentzat, Osasunarentzat eta zaleentzat", baina "Justiziari ikertzen utzi behar diogu", erantsi du.

Buruzagi sozialistak ere Osasuna diruz laguntzeko legea defendatu du. Izan ere, horren esanetan, lege horregatik ez balitz, "talde ohi batez ariko ginateke". "Osasunan jazotakoa ikertzeko ikuskaritza eskatu genuen, eta azkenera arte ikertu beharko da zuzendaritzako edo aurreko zuzendaritzako kideren batek dirurik eraman ote duen ikertzeko, euro bakarra bada ere", azpimarratu du.

Nafarroako Alderdi Popularrak ere legea babestu zuen, baina kritikoago azaldu da. Ana Beltran popularren eledunak adierazi duenez, "legearen alde egin genuen, baina minduta gaude ikuskaritza hori egitekoa bazen eta irregulartasunen bat zegoela bazekiten jakinaren gainean egon nahi genuelako. Minduta gaude ez genuelako ezeren berririk", deitoratu du. "Irregulartasun horiek bazirela jakin izan bagenu, ez genuke legea babestuko. Egia jakin behar genuen. Baina beti egon gara taldea babestearen eta bizirautearen alde", azaldu du.

Bildu, Aralar, I-E eta Geroa Bai, kritiko

Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak hitz gogorrak izan ditu Nafarroako Gobernuaren eta PSN eta PPNren kontra. "Agerian geratu da Nafarroako erregimenak modu eskandalagarrian jokatzen duela. UPNk, PSNk eta PPNk txeke zuria eman zioten Osasunari, eta taldearen egoera ekonomikoaren azterketa egitea saihestu zuten", kritikatu du.

"Informazioa ukatu ziguten. Legea inongo bermerik gabe atera zuten aurrera eta orain hiru alderdi horiei eskatu beharko dizkiegu azalpenak", nabarmendu du. Ramirezek iragarri duenez, legea onartu aurretik Gobernuak zuen informazioaren berri emateko eskatuko diote Lourdes Goicoechea Nafarroako Ogasun kontseilariari.

Xabi Lasa Aralar-NaBai bozeramaileak ere antzeko adierazpenak egin ditu. "Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago, eta hori da, hain justu, Nafarroako Gobernuari gertatu zaiona", deitoratu du. "Legea onartu zutenean, Osasunaren egoera ekonomikoa ezagutu behar genuela esan genuen behin eta berriz", salatu du.

Lasaren aburuz, UPNk, PPNk eta PSNk "itsu-itsuan egin zuten legearen alde". "Nafarroan jazo den iruzurrik deitoragarriena da honakoa", erantsi du.

Txema Mauleonen (Izquierda-Ezkerra) esanetan, Osasunan gertatutakoa "erabateko eskandalua da". "Legea itsu-itsuan onartzen ari zirela esan genuen, Parlamentuko abokatuek txosten ekonomikorik ez zutela ohartarazi zuten. Ezin zen legea horrela onartu, eta hori hala da", nabarmendu du.

Horren iritzian, "Osasunaren zorrarekin gertatu dena ikertzeko batzordea eratu behar da, eta, iruzur susmo hauek mahai gainean, auzitegiek neurriak hartu eta erantzuleak zigortzea espero dut".

Manu Ayerdi Geroa Baiko bozeramailea ere oso kritiko agertu da: "Astintzen gaituen balio-krisiaren barruan atal larrienetakoa da hau. Iruzur egitea txarto dago, lehia faltsutzea txarto dago eta hori sei urteko ume batek ere badaki".

Galdera bat ere bota du Geroa Baiko kideak: "Ezagutzen al zuen Nafarroako Gobernuak Espainiako Ligaren ikerketa? Oposizioko taldeek ez". Gero Baik Osasuna diruz laguntzeko "beste lege-proposamen bat egin zuen eta bazituen gutxieneko berme batzuk, bideragarritasun-plan bat tartean", gogoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola bideoak Osasunari buruzko albisteak UPN PSN EH Bildu Gipuzkoa Nafarroako Parlamentua