Politika -
Eztabaida PSE-EEn
Gasteizko alkategai sozialistak hautagaitzari uko egin dio
Arabako PSE-EEk astearte arratsalde honetan izendatuko du alkategai berria.
EITB.EUS
Maite Berrocal Gasteizko Udalerako alkategai sozialistak hautagaitzari uko egin dio, Arabako zuzendaritzarekin eztabaida izan ondoren, EiTBk jakin duenez. Izan ere, Berrocalek ez du onartu Arabako zuzendaritzak erabakitzea bere zerrendan joan behar direnen izenak.
PSE-EEko zuzendaritzak ez du onartu Berrocalek osatutako zerrenda, eta Arabako zuzendaritzak proposatutakoa hobetsi du.
Alderdiak Araban duen Exekutibak astearte arratsaldean izendatuko du hautagai berria.
Sozialista arabarren zuzendaritza eta Berrocal, hortaz, ez dira ados jarri Gasteizko Udalerako zerrenda osatzerakoan. Hautagaiaren esanetan, Gasteizko alkategaiak beti izan du bere taldea sortzeko ahalmena, baina oraingoan ez omen da halakorik gertatu.
Berrocalek Virgilio Bermejo eta Silvia Calurano proposatu zituen zerrendan bigarren eta hirugarren tokietan joateko. Arabako zuzendaritzak, baina, Carlos Zapatero Vital Kutxako presidente ohia eta Isabel Martinez nahi ditu leku horietan.
Gertuko iturriek azaldu dutenez, Bermejok eta Caluranok ez zuten zerrendan joan nahi ez bazen Berrocalek proposatuta bezala, hau da, bigarren eta hirugarren postuan.
Orain, PSE-EE hautagairik gabe geratu da Gasteizko Udalerako, maiatzaren 24ko hauteskundeetarako soilik hiru hilabete geratzen direnean.
Berrocal udal gobernuko kide izan zen Patxi Lazcoz Gasteizko alkate izan zenean, 2007 eta 2011 artean. Alderdiko kideek eta "kaleko jendeak" animatuta aurkeztu omen zen primarioetara, "aurrerapausoa" emateko unea zela ikusita.
Azkenean primariorik gabe aukeratu zuten alkategai, aurkeztu zen bakarra izan baitzen. Arabako PSE-EEren "sektore kritikoak" erabaki zuen ez zuela hautagairik aurkeztuko, hautaketa prozesua ez zegoelako herritar guztiei zabalik. "Sektore ofizial" deritzonak ere ez zuen hautagairik aurkeztu.