Politika -
Kutxabank auzia
Kutxabanken gertatutakoa ikertzeko sinadurak batuko ditu EH Bilduk
Era berean, euskal banketxearen kontu-ikuskaritza independentea eskatzeko mozioak aurkeztuko ditu koalizio abertzaleak Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean Kutxabanken irregulartasunak aztertzeko Ikerketa Batzordea eratzearen aldeko sinadura bilketa hasi du EH Bilduk Change.org plataforma digitalaren bidez.
Koalizio abertzaleak babesa biltzeko erabilitako testua zabaldu du ohar batean. Bertan salatu dutenez, "Kutxabanken pribatizazioaren aldeko PNV-PSOE-PP alderdien arteko akordio ezkutuak" izan badirela utzi dute agerian banketxean izandako erregulartasunek eta, beraz, "ezinbestekoa da dena argitara ateratzea eta zorrotz ikertzea".
Change.org-en jada eskuragarri dagoen dokumentuan ageri denez, "kolpe zorririk jo gabe hileko 6.000 euro ordaintzen dizkiote PSEko kide bati eta Anasagastik (PNV) dio Cabiecesi lanik egin gabe soldata bat jartzeko eskaera PPko Basagotik egin ziola"
"Gutxi batzuei lanpostuak bermatzeko akordio ez-idatziak daudela diote", irakur daiteke EH Bilduk sustatutako testuan, eta, bien bitartean, Villalabeitia Kutxabanken presidente berriak "soldata % 73 igo duela, alegia, 800.000 euro urtean" kritikatu du koalizio abertzaleak.
Kontu-ikuskaritza independentea
Legebiltzarrean Ikerketa Batzordea eskatzearekin batera, Kutxabanken irregulartasunak ikertzeko kontu-ikuskaritza independentea egiteko ekimena aurkeztu dute gaur Irune Soto koalizioak Bizkaiko Batzar Nagusietan duen eledunak, Aitziber Irbaibarriaga Bilboko Udaleko bozeramaileak eta Arantza Urkaregi EH Bilduk BBKren asanbladan duen ordezkariak.
Azaldu dutenez, bi erakunde hauetan mozioak aurkeztuko dituzte Foru Aldundiak eta udalak BBK Fundazioaren Patronatuan dituzten ordezkarien bidez kontu-ikuskaritza independentea eska dezaten, "irregulartasun guztiak argitu eta erantzukizun politikoak zehazte aldera".
Urkaregik nabarmendu duenez, irregulartasunak "2012 eta 2014 urteen artean, kutxak banku-fundazioak ez zirenean jazo ziren" eta Bizkaiko Foru Aldundia eta eta Bilboko Udala erakunde sortzaileen artean zeuden. Hortaz, bi erakundeetako ordezkariek "ez zuten euren kontrolerako funtzioa bete", gertakarien berri izan eta ikertu ez zituztelako, edota jazotakoen berri izan ez zutelako.
Ezker abertzaleko kidearen aburuz, Gregorio Villalabeitia Kutxabanken presidente berriak "soldata 800.000 eurora igo izana iraingarria da, buru duen bankua jendea etxegabetzen ibiltzen dela jakinda".