Politika -
Saioa Legebiltzarrean
Cabiecesi Kutxabanken lana bilatu izana 'akatsa' dela uste du Urkulluk
PSOEk eta PPk Mikel Cabiecesi Kutxabanken lana bilatu izana "hanka-sartzea" izan zela esan du lehendakariak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, "akatsa" izan zen "ordezkari politikoek" Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiari lana bilatu izana "erakunde pribatu batean". Gainera, horren ustez, "argi geratu da" Kutxabankeko barne kontrolek funtzionatu egin dutela.
Urkulluk Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan hartu du hizpide Kutxabank, erakunde horrek Cabiecesi hainbat ordainketa egin zizkiola jakin ondoren eskandalua piztu baita azken asteotan. Mario Fernandez Kutxabank bankuko presidente ohiaren arabera, "PPko buruzagi batek" Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari "lana bilatzeko" eskatu zion, terrorismoaren aurkako borrokan parte hartu duten pertsonei enplegua ematea "idatzita ez dagoen araua" omen delako.
Horren harian, Urkulluk esan du ez zuela zerikusirik izan erabaki horrekin, baina Cabiecesi "erakunde pribatu batean" lana bilatu izana "hanka-sartzea" izan zela iritzi dio. "Ez dut ulertzen konponbidea erakunde publikoetan topatzeko gaitasuna duten ordezkari politikoek erakunde pribatu batean bilatu izana", azaldu du.
TOÑA AUZIA
Bestalde, lehendakariak "konfiantza" agertu dio Angel Toña Enplegu sailburu berriari, hura sailburu izendatzeko aintzat hartu zituenak hor daudelako oraindik.
"Sailburuari eman diodan agindu bakarra gure programa betetzea da, eta eutsi egiten diet hura izendatzeko nituen arrazoiei eta konfiantzari", erantzun du, PSE-EEk egindako galdera baten aurrean.
Horren ildotik, Etika Batzordeak gai horri buruzko ebazpena kaleratu arte, "isilik" egon behar duela nabarmendu du Urkulluk.